Café Mokka, Jabier Muguruzaren lehen pausoa nobelagintzan

Ilusioa eta lehen aldiko urduritasuna nahasten dira sorkuntza prozesu berri honen atarian. Jazza, psikoanalisia eta eguneroko tertuliak biltzen dituen unibertso bat ondu du Jabier Muguruzak bere liburu berrian, Alberto protagonistaren begiradaren bitartez.  Café Mokka da bere azken lanaren izenburua eta elkarrizketa honetan bere estreinako nobelaren xehetasunak azaldu dizkigu.

Nola erabaki zenuen nobela bat idazteko prozesuan murgiltzea?

Be egia esan, ez naiz zehazki gogoratzen. Ordura arte idatziak nituen errelato motzak eta umeentzako gauzak ere bai. Ni musika eta literaturaren munduan ibili naiz aurretik, haurrentzako musikan eta literaturan. Oraingo honetan apunteak hartzen nenbilen eta antzeko lanetan, baina oraingo honetan prozesua luzatzen joan da. Momenturen batean ikusi nuen, luzera aldetik, nobela bat izan zitekeela, errelato motza baino gehiago. Nobela deitu diogu, baina garbi eduki gabe zer zen. Ramon Saizarbitoriak hitzaurrean esaten duen bezala, entsegutik eta saiakeratik asko du, gai ezberdinak jorratzen dira, baina, tira, nobela deituko diogu.

Zergatik aukeratu duzu kafetegi bat zure lehen nobelako gertaerak kokatzeko?

Batetik, kafetegiak, batez ere, kafetegi klasiko horiek oso gustuko ditut. Egun oso gutxi geratzen dira, baina oraindik ere zenbait hiritan topatu daitezke. Aspaldian erreportaje bat egin nuen aldizkari baterako, “Cafés con encanto”, beraiek eskatuta, baina antzeman zidaten gustuko nituela. Asko gustatzen zitzaizkidan inguru horretan izaten ziren tertuliak, musikak eta kontzertuak. Nik neuk ere kontzertuak eman izan ditut, adibez, Iruñako Café Nizan. Orduan, espazio hori gustuko nuen. Bestetik, bide ematen zidan, hainbat gai jorratu nahi nituenez, testuinguru horretan jorratzeko: Kafe bat, bezeroak eta gaiak. Bestalde, kafetegi txiki bat nahi nuen, liburuan azaltzen den bezala, protagonistak inbertsioa egiteko diru askorik ez duelako. Erreferentzia bezala Irungo kafetegi txiki bat hartu nuen.

“Irakurle batzuek esan didate narratzaileak nire antza handia duela, baina Alberto ez naiz ni”

Liburuaren barnean Irunekin lotura duten beste hainbat erreferentzia aurki daitezke, ezta?

Ez dira zehazki Irungo leku eta pertsonak, baina egia da erreferentzia moduan erabili ditudala hainbat espazio, denda eta bestelako lekuak. Horietaz baliatu naiz, baina gero beste buelta bat eman diet. Irakurle batzuek esan didate narratzaileak nire antza handia duela, baina Alberto ez naiz ni. Alberto gazteagoa da eta gauza batzuetan ez dugu ikusmolde bera, hau da, fikzioa da.

Gainera, kapitulu labur eta irakurterrazak sortzea lortu duzu, baina gai sakonetan murgilduz. Nola lortu duzu oreka hori?

Hori aipatu didate bai, baina ez zen hori nire hasierako asmoa. Horrela atera da, baina ez da propio bilatu dudan gauza bat, batzuk luzeagoak baitira eta besteak flash modukoak. Beharbada, agian nire artikulugile lanarekin lotura izango du, urtetan zutabeak idazten eta irratian ibili bainintzen, beraz, neurriak horrekin izan dezake lotura.

Kaleratu berri duzun liburuak aurretik egin dituzun lanekin nolabaiteko lotura du, adibidez, musikaren munduarekin?

Ez dut izan borondate finko bat horretarako. Gauzak batzuetan horrela sortu edo nahigabe azaleratzen dira, baita beste esparru ezberdin batzuetan ere.

Zure lehen nobela izanda, buruhauste handiak sortu dizkizu liburua idazteko prozesuak?

Nire adinean eta ibilbidearen ostean gezurra dirudi, hainbeste urtez literaturan, musikan eta jendearen aurrean ibili ostean, aitortuko dizut baietz. Oraingo honetan badut ezinegon eta urduritasun puntu bat; ilusio handia ere bai, gustura aritu naizelako. Buruan nituen hainbat gai modu dialektikoan, bezeroen elkarrizketetan, jorratzeko aukera izan dut, beraz, alde horretatik, arindu bat izan da. Beraz bai, ilusioa eta urduritasuna nahasten zaizkit liburu berri honen argitalpenaren inguruan.

Zailtasunak zailtasun, zein izan da prozesuaz gehien disfrutatu duzun unea edo pasartea?

Hori esatea zaila da, azkenean, urte luzetan egunero lanean aritu naiz, dokumentazio lan handia baitago atzetik. Adibidez, sexuen arteko gerraz hitz egiteko gauzak ikertu ditut, pelikulan erabil dezakegun hizkeratik aldenduz. Liburuan zehar begi-bistakoa denez, asko interesatu zait ikertzea inkontzientearen gaia, baita psikoanalisiarena ere. Ez da kasualitatea, noski, bezero batzuk psikoanalistak izatea eta kafetegitik hurbil beraien kontsulta izatea. Batzuetan egia da gaia ondo borobildu izanaren sentsazioarekin amaitzen duzula eta besteetan, aldiz, ez da gauza bera gertatzen.

Zure ohiko tonu intimoa nobela bihurtzeko egokitzea erraza izan da?

Ez dakit lortu dudan, baina argi dut hitzaren aldeko apustua dagoela liburuan zehar. Bertan jorratzen den binomioetako bat irudia eta hitza dira, bien arteko harremana eta tentsioaren bitartez. Gaur egungo gizartean hitza galtzen ari da, irudia nagusitzen ari den bitartean eta saiatu naiz liburuan hori islatzen. Geroz eta esaldi motzagoen bidez komunikatzen gara, marrazkitxoak erabiliz. Beste binomio bat izango litzateke, abiadura eta pentsamenduarena. Café Mokka hitza nagusitzen den espazio bat da, gehienetan modu zibilizatuan erabiltzen dena, eztabai sutsu bat kenduta.

“Ilusioa eta urduritasuna nahasten zaizkit liburu berri honen argitalpenaren inguruan”

Liburua gainera, erreferentziaz josia dago, bai musikarekin edo pertsonaia ezagunekin loturik?

Bai, erreferentzia pila bat daude, baita izen ezagun asko. Batzuk oso ezagunak dira, adibidez, euskal munduko izen erreferentzialak, jende gehienak ezagutzen dituenak. Beste batzuk, Jazz mundukoak, jende batentzat agian ezezagunak izango direnak, baina gaur egun teknologia eskura dugunez, edozer eskuragarri dugu, interesatzen zaigun horretan sakontzeko. Gero, bestelako izenak ere agertzen dira, ez bakarrik artearen mundukoak, baizik eta pentsalariak edo filosofoak. Albertok, protagonistak, ez ditu bakarrik apuntatzen edo kontuan hartzen kafetegiaren barnean izaten diren elkarrizketak. Irakurlea ere bada eta hortik apunteak hartzen ditu, etxera eramaten dituenak. Bestetik, bere gogoetak daude. Beraz, maila horretan foko ezberdinak daude, ez dira bakarrik elkarrizketa hutsak.

Café Mokka hitza nagusitzen den espazio bat da”

Nolako irakurleak imajinatzen dituzu “Café Mokka” irakurtzen?

Erantzungo dizut trikimailu txiki baten bidez. Irakurle motari dagokionez, nahi nuke irakurleak malguak izatea, burua guztiz karratua ez duten horietakoak. Hau da, ideia berriei atea irekitzeko prest daudenak eta liburua irakurritako iritziekin guztiz desados agertzen ez diren horietakoak. Nahiz eta hasieran guztiz ados ez egon, gauzak birplanteatzeko prest daudenak izatea. Ilusio handia egingo lidake jende gazteak liburua irakurtzeak. Oraintxe bolo-bolo dabiltzan gai batzuk birplanteatzeko edo beste ikuspegi batetik begiratzeko balio dezakeela uste dut. Gure kezka izaten da, urteetako lanaren ondoren, oharkabean pasatzea; hori literaturan gertatu daitekeelako. Aurrekoan irakurri nuen 34 nobela publikatuko direla euskaraz udaberrian. 22 jatorriz euskaraz idatzitakoak dira eta gainontzekoak itzulpenak, baina asko dira. Hori ikaragarria da, beraz, hor zure lekutxoa topatzea eta nabarmentzea ez da erraza.

“Lana bere osotasunean irundarra da”

Nolakoa izan da Alberdania Argitaletxearekin liburua kaleratzeko lan egitea?

Ez da Alberdaniarekin batera liburu bat argitaratzen dudan lehen aldia izan. Duela 10-15 urte beste liburu bat argitaratu nuen, garai hartan Inazio Mujika eta Jorge Giménez Bechekin. Gainera, plaza berean gaude, ataritik irten eta alboan baititut. Beraz, oraingoan noski gertutasun hori egon da eta baita harremana ere. Apustu bat ere izan da, Alberdania aro berri batean dagoelako eta horren aldeko apustua egon da ere nire aldetik. Lana bere osotasunean irundarra da. Ilustratzailea, Lorena Martínez Oronoz, bertakoa da, oso lan fina egin du eta asko inplikatu da hasieratik. Horrek, niri betidanik, baita musikan ere, gustatu zaidan estilo intimista mantentzen lagundu dit.

Liburuaren amaieran, irakurleak zer sentsazio izatea nahiko zenuke?

Liburuak kontutxo batzuk, bere neurrian, birplanteatzeko balio badu, jada asko izango litzateke niretzat. Zenbait momentutan umorea ere badago, beraz, irakurlea umore zapore gozo horrekin gelditzea lortuko balitz, primerakoa litzateke. Liburuak irakurleari transmitituko balio tonu lagunkoia, estremismo edo mutur horretatik aldenduz, poztuko nintzateke. Guzti horretatik, zerbait transmitituko balio, neurri batean behintzat, zoragarria litzateke. Liburua amaitzeak sor dezakeen doluari dagokionez, liburua ez da desagertuko, irakurlearen liburutegian geratuko da eta gaiez gai kontsultatzeko erraza izango da.

Etorkizunari begira, proiektu berririk duzu jada esku artean?

Ba ez daukat oso garbi. Egia da, gehixeago trebatzen ari naizela literaturan, musikan baino, hori esan ahal dizut. Zer izango den konkretuki? Ez dakit. Haurren literatura asko interesatzen zait eta azken urteetan dexente publikatu dut horren inguruan. Musikari dagokionez, pandemiaren aurretik, 6 disko izan dira, agian gehiegitxo izan da, beraz, distantzia apur bat hartu nahian nabil. Hamarkadak eman ditut musikaren inguruan eta oraintxe bertan gehiago zentratuta nago literaturan.

Liburuko zein pertsonaia aukeratuko zenuke berarekin kafe bat partekatzeko?

Bi izan litezke? Izan ere, bat nator puntu horretan Albertorekin, protagonistarekin. Liburuan bi taldetxo daude, euskara irakasleak eta bertan Jon dago. Gero, psikoanalisten taldetxoa dago eta bertan Aurora dago. Bi horiekin protagonistak nolabaiteko afinitate berezia du eta bi horiekin geratuko naiz.

Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen eskuragarri duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude