Datorren asteartean, maiatzaren 11n, indarrean sartuko dira 30 km orduko abiaduraren muga berriak hiritik zirkulatzeko, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak hala aginduta. Ostiralean, Borja Olazabal Mugikortasuneko ordezkariak balantze bat egin du duela hamar urte, zehazki 2011ko udan, Irungo Udala aplikatzen hasi zen neurriena.
“Irun aurrendaria izan zen ekimen horren aldeko apustu ausarta egiten. Lehendabizi hiriko erdialdean egin zuen, eta, gero, pixkanaka, ia gure hiri-bide guztietara zabaldu zen neurria. Emaitzek erakusten dute neurria baliagarria dela: trafikoa mantsotuta, segurtasunean irabazten dugu, beste ibilgailu batzuekin (bizikleta, adibidez) batera ibiltzea errazten dugu, eta beste neurri batzuekin batera (autobus elektrikoa) ingurumena gehiago babesten laguntzen dugu, eta berotegi-efektuko gasak gutxiago isurtzen ere bai”, adierazi du Borja Olazabal ordezkariak.
Mugikortasuneko arloak dituen datuen arabera, Irundik zirkulatzen duten ibilgailu gehienek (% 85) ia 30 km/h-an zirkulatzen dute (32 km/h) gehienez. Xehetasunez esanda, 2013-2015 urteetan aztertutako tokietan, % 85 horren batez besteko abiadura 43 km/h zen, eta 2020an, berriz, 32 km/h da.
Joera oso positiboa da, batez ere erdialdea eta inguruak lotzen dituzten errepideetan: Elizatxo hiribidea, Iparralde hiribidea, Euskal Herria hiribidea, Hondarribia kalea eta Meaka inguruak. Halaber, ikusi da hiriko erdialdean dauden errepideetan, neurria hartzen lehenak izan ziren horietan, egonkor mantentzen dela, eta beste batzuetan, aldiz, zertxobait gehitu dela. “Datu horiek lagundu egiten digute nola gauden eta, noski, nola hobetu dezakegun jakiteko. Nolanahi ere, emaitza positiboak dira oro har, eta bide horretan jarraitzera animatzen gaituzte. Argi dagoela dirudi, azken urteotakoa ikusita, abiadura handiak desagertu egin direla hirigunetik, eta horrek ondorio argia du errepideetako zenbait alderditan, hala nola istripuetan”, gaineratu du Olazabalek.
Ordezkariak datu bat eman du horretaz: 2011n ‘Irun 30’ indarrean jarri aurretik, trafiko-istripuak 400 inguru izaten ziren, eta orain, datuek diote hiri-bideetan ia erdiraino murriztu dela istripu-kopurua. Urrutira joan gabe, 2019an, 221 istripu gertatu ziren hirian, eta 2020an, nahiz eta ezin den erabat alderatu pandemia eta konfinamenduagatik, 155 erregistratu ziren.
Era berean, Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak gogorarazi duenez, “Irunek bete du CO2 isuriak % 20 murrizteko helburua ere, eta horretan, asko lagundu dute Irun 30 bezalako neurriek. Abiapuntu ona da mugikortasun jasangarria sustatzen jarraitzeko eta, horretarako, ezinbesteko tresna izango da HMJP berria”.