Larreaundi eta Olaberriako jaiak bueltan dira ekitaldiz beteriko egitarauarekin

Datorren maiatzaren lehenengo asteburuan, Larreaundi eta Olaberria auzoak jai giroan murgilduko dira. Maiatzaren 1etik 3ra bitartean, mota guztietako ekintzak antolatu dituzte auzokideek eta bisitariek goza dezaten. Jaiak ostiralean, maiatzak 1, hasiko dira eguerdiko 12:30ean Bandaren kontzertuarekin, eta ondoren buruhandiak eta haurrentzako jolasak egongo dira. Eguna borobiltzeko, txistorrada eta “Remember” kontzertua eskainiko dira iluntzean.

Larunbatean, maiatzak 2, kirola eta festa uztartuko dira. Goizeko 12:00etan Kross Txikia jokatuko da; lasterketa honetan parte hartzeko, izena Ferialekuan bertan eman ahalko da saioa hasi baino lehen. Eguerdi partean, 14:00etan, Bazkari Herrikoia ospatuko da. Bazkarirako txartelak 5 euroan daude salgai Jasu eta Tonel tabernetan, baita auzo elkartean ere. Arratsaldean, 16:00 gazteentzako bingo musikatua, 17:30ean Bidasoako Erraldoiak eta 20:00etan DJ Bull-en musika izango dira protagonistak.

Igandean, maiatzak 3, jaietako azken txanpari ekingo diote goizetik. 9:00etan mendi ibilaldia egingo da eta 12:00etan, berriz, Tortilla Patata Lehiaketa entzutetsua hasiko da. Lehiaketan parte hartu nahi duten guztiek aurrez eman behar dute izena 606 70 20 34 (Zubia) telefono zenbakira deituz. Jaiak amaitzeko, “Bermuta kantuz” ekimena eta buruhandien azken irteera egongo dira arratsaldeko 17:00etan.

Laguntzaile bila 

Azkenik, jai batzordeak dei egin die auzokideei jaiak antolatzen eta laguntzen parte har dezaten. Interesa dutenek hainbat bide dituzte harremanetan jartzeko: avvlarreaundi@gmail.com helbidera idatziz, auzo elkartetik pasatuz (astearte eta ostegunetan, 10:30etik 12:00etara) edo zuzenean antolatzaileei aurrez aurre esanez. Gainera, informazio guztia eguneratuta izateko, Larreaundi-Olaberria auzo elkartearen WhatsApp kanalera batzeko aukera dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude