Super Amara BATek 20 domina lortu ditu Euskadiko 18 eta 20 urtez azpiko Txapelketetan

Super Amara BATeko atletek asteburu oparoa izan dute, maila autonomikoan zein nazio mailan emaitza aipagarriak lortuz. Euskadiko 18 eta 20 urtez azpiko Txapelketan klubak domina-zerrenda menperatu zuen, guztira 20 domina eskuratuta: 12 urre, 5 zilar eta 3 brontze. Emaitza horiez gain, atleta askok marka pertsonalak (MMP) hautsi zituzten eta Espainiako Txapelketara joateko beharrezkoak diren minimoak lortu zituzten.

Urrezko dominen artean, nabarmentzekoak dira Arielle Ngoleren garaipen bikoitza (diskoa eta pisua), Olatz Elizasuren marka diskoan (minimoa barne), eta Eñaut Arburuaren garaipena 400 metrotan. Era berean, Jon Andiano, Noa Garcia, Alai Cabello eta emakumezkoen 18 urtez azpiko errelebo taldeak, besteak beste, podiumaren goreneko mailara igo ziren. Zilarrezko eta brontzezko dominek, Hai Duong Alzaga edo Rafa Caseauren markek kasu, klubaren harrobiaren indarra berretsi zuten.

Nazio mailan, Super Amara BATeko bost atleta Ourensen izan ziren 16 urtez azpiko Espainiako Federazioen Txapelketan, Euskadiko selekzioarekin. Adur Errazkin, Eider Eizagirre (MMP diskoan), Amane Arruabarrena, Yuxuan Zhu eta Maren Martinek puntu baliotsuak eman zizkioten selekzioari, euren probetan maila altua erakutsiz.

Gipuzkoako Infantil Mailako Txapelketa

Igandean, maiatzak 10, Gipuzkoako Infantil Mailako Kluben arteko Txapelketa jokatu zen Anoetako belodromoan, eta Super Amara BATeko taldeek emaitza bikainak lortu zituzten. Mutilen errelebo taldea Gipuzkoako txapeldun bilakatu zen; sailkapen orokorrean, mutilen taldea bigarren izan zen (puntu bakar batera), eta nesken taldeak hirugarren postua lortu zuen.

Gizarte konpromisoa

Bizilagunak” programa Kirolaz harago, klubak SOS Arrazakeriaren “Bizilagunak” egitasmoan parte hartu du. Maiatzaren 10ean, bazkari bat antolatu zuten Irungo elkarte gastronomiko batean klubeko kideen eta Zubia Kirola taldeko Afrikako kideen artean. Ekimen honen bidez, Super Amara BATek harremanak elikatu eta gizarteratzearen aldeko konpromisoa erakutsi du “Etxean edo parkean, harremanak elikatzen” leloari jarraituz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude