Irungo Argazki Elkarteak (IAE), Irungo Udalaren babesarekin, Irun Hiria XXXIX. Argazki Lehiaketa Herrikoia jarri du martxan. Edizio berri honetan nahi duen pertsona orok hartu ahal izango du parte, eta lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 10a izango da, arratsaldeko 20:00ak arte. Argazkiak elkartearen egoitzan bertan entregatu daitezke (Izaga kalea 7, behea) astelehen eta asteazkenetan 19:30etik 21:00etara, edota 212 posta-kutxara bidalita (20302 – Irun).
Lehiaketak bi gai nagusi izango ditu: Irun eta librea. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru obra aurkeztu ditzake paperean (zuri-beltzean zein koloretan), eta horietako batek, gutxienez, Irun izan beharko du gaitzat. Irudiaren formatua librea den arren, argazki-paperaren neurriak 20×30 zentimetrokoa izan behar du derrigorrez. Edizio-teknikak onartzen badira ere, oinarriek argi uzten dute ez dela onartuko adimen artifizialarekin edo zuzeneko argazki-harrapaketatik ez datozen beste teknologia batzuekin sortutako irudirik. Argazki bakoitzaren atzealdean gaia, egilearen datu pertsonalak eta telefono zenbakia zehaztu beharko dira.
Epaimahaia eta bozketa mistoa izango dira; alde batetik, ekainaren 15ean (19:30etan) egingo den erakusketaren inauguraziora hurbiltzen den jendeak emango du bere iritzia, eta bestetik, epaimahai tekniko batek baloratuko ditu lanak. Erakusketa ekainaren 15etik 24ra egongo da ikusgai IAEko aretoan, 19:30etik 21:00etara. Azkenik, sari banaketa ekainaren 24an egingo da, arratsaldeko 20:00etan, espazio berean. Gai bakoitzeko lehen hiru sailkatuek trofeoa eta argazki-materialez osatutako opariak jasoko dituzte, eta partaide bakoitzak ezingo du sari bat baino gehiago jaso. Informazio gehiago nahi izanez gero, www.afi-iae.com webgunea kontsulta daiteke.



