Igandean 400 jokalari baino gehiago elkartuko dira Hondarribiko Hondartzan Eskolen Arteko Txapelketak jokatzeko. Topaketa 10:30ean hasiko da eta goiz osoan zehar gauzatuko da. Bertan 10 eta 12 urte azpiko mailetako jokalariak lehiatuko dira.
Txingudi, Hernani, Atletico San Sebastian, Ordizia, Bera Bera, Arrasate, Eibar edo Zarautz bezalako Gipuzkoako klub historikoez gain, hasiberriak edo ibilbide hain luzea ez duten eskolak izango dira topaketan, esaterako, Lasarte-Oriako Beltzak, Mutriku, Soragazteak edo Orereta, eta baita La Unica, Iruña, Gaztedi edo Rioja, hau da, Nafarroa, Araba edo Errioxatik etorritako taldeak eta, historikoki, Gipuzkoako errugbiarekin lotura izan dutenak. Hondarretan antolatutako zortzi zelaietan arituko dira jokalariak eta, bitartean, pasealekuan, ikusleek jai giroaz gozatu ahal izango dute.
Xabi Sánchez Aguirregomezcorta Txingudiko eskolako koordinatzailearen hitzetan, “erronka garrantzitsua da guretzat, baina pozik gaude gure topaketa hau denboraldi hasierako egutegian finkatu baita”.
Gazteen ligaren hasiera
Eskualdeko errugbi taldearen 14, 16 eta 18 azpikoek ere jardunaldia izango dute asteburu honetan. 16 urtez azpikoek Plaiaundin egingo dute debuta Euskal ligan 11:00etan Hiruherriren aurka. Bisitariak Elorrio, Eibar eta Arrasateko klubek osatutako taldea da eta etxekoentzat arerio gogorra izango dira.
Gabiria Txingudi/Bera Bera/Baztan 18 urte azpikoak, aldiz, 16:00etan jokatuko du, Plaiaundin ere, Cafés Dromedario Durangoren aurka. Igandean 10:30etan, 14urtez azpikoen txanda izango da Soraluzeko Ezozia zelaian, etxeko taldea eta Hernani/Atleticoren aurkako lagunartekoak jokatuz.
Senior taldeei dagokionez, egutegietan izan diren moldaketa ezberdinek asteburu honetan partidarik ez izatea eragin dute.
Bi jokalari Euskadiko Selekzioarekin
Denboraldi hasierarekin batera, Euskadiko selekzioen deialdiak hasi dira ere. 16 urtez azpiko taldeari dagokionez, Txingudiko bi jokalari deituak izaten ari dira orain arte egindako entrenamenduetara. Mattin Petrikorena eta Thiago Melerio dira taldearen ordezkariak eta klubetik zorterik onena opa nahi diete esperientzia berri honekin.