Urriaren 5ean jokatuko dituzte Txingudiko taldeek denboraldiko Euskal ligetako lehen partidak. Hori baino lehen, datorren asteburuan, azkeneko lagunartekoak prestatzeko bilduko dira beltz eta zuriak Baztango aterpetxean.
Larunbatean 14 urte azpikoak izango dira jokatzen lehenak, Bera Bera eta La Unicaren aurkako partida erdiak jokatuz 12:00etatik aurrera. Hauen ondoren, 16 urte azpikoak izango dira Donostiako taldearen aurka arituko direnak.
Segidan, 16:00etatik aurrera, Zaisa Txingudik Iruña eta La Unica Bren aurkako triangeluarra jokatuko du. Partiden egitaraua igandean itxiko da 18 urte azpikoek Zarautz/Beltzaken aurka 10:30etan jokatzen dutenean.
Biok Txingudik ez du norgehiagokarik izango asteburu honetan, baina hainbat jokalariek parte hartuko dute partidez gain egingo diren jarduerak gidatuz.
Emakume Errugbi Egun arrakastatsua
Emakumezkoen taldeak aurreko asteburuan izan zuen denboraldiaurreko azkeneko konpromisoa. Bera Bera/Ordizia jaso zuten Plaiaundi Emakume Errugbi Egunaren egitarauaren barruan.
Goizean, 40 bat neskek hartu zuten parte antolatutako jardueretan, senior taldeko hainbat jokalari, baina baita ere harrobiko jokalariak eta hauen lagun eta gertukoak. Biok Experiential Shoppingek emandako opariak banatu ondoren, partaide guztiek bazkaria partekatu zuten Plaiaundin bertan arratsaldeko jarduera nagusia hasi zen arte, hau da, Biok Txingudi eta Bera Bera/Ordiziaren arteko lagunartekoa.
Lehia handiko norgehiagokan, bisitariak gailendu ziren 5 eta 24ko markagailuarekin. Txingudik debuta egiten zuten jokalari dezente zituen baina denboraldiaurrean prestatutakoa ondo landu dutela antzeman zen. Etxekoen entsegua Alazne Macicior aurrelariak egin zuen.