Garbi Goxok bezeroen erosotasunerako askotariko zerbitzuak eskaintzen ditu Puianan

Argazkia: Estudio Gover

Garbi Goxo Puiana kaleko 18. zenbakian konponbide integralak eskaintzen dituen zentroa da. Espazio berean garbitegia, txakur garbitegia eta vending salmenta eskaintzen ditu, autozerbitzurako makinekin eta zerbitzu ordutegi zabal batekin. Nerea Izuzkiza eta Aimar Irigoienek abian jarritako negozioak badaramatza jada hilabete batzuk martxan eta auzotarrek oso harrera ona egin diote.

Nerea Izuzkizak azaldu duenez, “aspaldi hutsik zegoen lokal bat zen hau”. Bikoteak aspalditik ikusia zuen, baina inoiz ez ziren pausua ematera ausartzen, azkenean, beldurrak uxatu eta abentura hau hastea erabaki zuten arte. “Auzoan hainbat behar  ikusi genituen, horregatik bururatu zitzaigun guztiak espazio bakar batean eskaintzea”, azaldu du Izuzkizak. Adibidez, konturatu ziren auzoan ez dagoela gozoki dendarik eta garbitegi bat ere oso ondo etorriko zela pentsatu zuten. “Bestetik, auzoan barrena txakur asko ikusten genituen eta txakurrentzako garbitegi bat jartzea ere bururatu zitzaigun”. Ideia guztiak plano gainean jarri eta leku nahikoa zutela ikusita, aurrera egin zuten proiektuarekin.

Garbi Goxok lana familiarekin bateratzeko aukera eman die Nerea eta Aimarri. “3 ume ditugu eta ezinezkoa zen hori bi lantokirekin uztartzea”, azaldu du Nerea Izuzkizak. Horrela, ordutegirik gabe lan egin ahal izateko, autozerbitzu negozio bat irekitzea erabaki zuten. “Garbitegia eta txakur garbitegia goizeko 8:00etatik 22:00etara irekita daude eta vendinga, aldiz, gauez eta egunez, etenik gabe”, gaineratu du Izuzkizak.

“Auzoan hainbat behar ikusi genituen, horregatik bururatu zitzaigun guztiak espazio bakar batean eskaintzea”

Nerea Izuzkiza, Garbi Goxoko jabea

Puiana auzoko bizilagunek harrera ona egin diete Garbi Goxok eskainitako zerbitzuei. Nerea Izuzkizak adierazi duenez, hasieran beldurrez ireki zuten negozioa, baina orain inguruan bizi direnek eta baita eraikin berekoek ere zenbat erabiltzen duten ikusita lasaiago daude.

Garbitegia

Garbi Goxoko garbitegian guztira 3 garbigailu dituzte: 10 kilokoa txikiena; 15 kilokoa ertaina; 20 kilokoa handiena. Bestetik, bi idorgailu dituzte, 20 kilokoa bakoitza. Nerea Izuzkizak azaldu duenez, “gehien erabiltzen diren garbigailuak handiak dira,  jendeak etxekoetan sartzen ez diren gauzak garbitzen baititu bertan”. Dena den, garbigailu txikiena uste baino gehiago erabiltzen dela azaldu du Nerea Izuzkizak: “etxekoaren antzekoa da, baina badirudi jendeak etxean garbigailua jartzeko ohitura galdu duela”. Hala ere, gehien erabiltzen direnak lehorgailuak dira. “Hemen dugun klimarekin,  askotan, jendea etxean garbitu duen arropa lehortzera ere etortzen da, bestela ezinezkoa baita gauzak azkar idortzea”.

Nerea Izuzkizak adierazi duenez, jendeak beti erabilera askoz konplexuagoa izango dela pentsatzen du. Behin erabilita ordea, “uste baino errazagoa izan da” izaten da guztiek esaten duten esaldia. Garbigailuek garbiketa programa ezberdinak dituzte: delikatua, zikina  edo oso zikina. Gainera, Garbi Goxoren fideltasun txartela erabiltzen dutenek, prezioan deskontuak dituzte beti. “Txartela eskaintzea erabaki genuen zenbateko arrakasta izango zuen jakin gabe, baina uste baino txartel gehiago saldu dira”, adierazi du Izuzkizak. Are gehiago, inguruko bizilagun gehienek erabiltzen dute jada.

Vending makinak

Azkenik, Garbi Goxoko vendingak 24 orduz jarraian ematen du zerbitzua, gauzak edonoiz erosteko aukera eskainiz. “Vendinga inguruan falta diren artikulu guztiak salgai jartzeko ideiatik sortu zen”, aipatu du Nerea Izuzkizak. Makinetan eskuragarri dauden produktuak askotarikoak dira: gozoki dendetan aurkitu daitezkeen produktuak, tabakoarekin loturikoak, sex-shop artikuluak, eta baita haurduntzaren probak. “Hasieran bizilagunei gutxien gustatu zitzaien proiektua izan zen, gauez ere irekita baitago”, azaldu du Izuzkizak. Orain, ordea, bizilagun horiek erosleak dira, beraz, Nerea Izuzkizak pentsatzen du pozik daudela zerbitzuarekin. Izuzkizak gaineratu du, zerbitzua etengabea denez, gauez lan egiten duen jendeak, adibidez, poliziek, zabor biltzaileek edo anbulantziako gidariek, makina hauek asko erabiltzen dituztela. “Vendinga jarri genuenean ez genuen horrelakorik espero”, azaldu du Garbi Goxoko dendariak.

Makinekin jarraituz, lokalaren beste muturrean, paketeak jasotzeko autozerbitzu makina jarri dute. “Makina hau jartzea bururatu zitzaigun guk ere horretarako beharra izan genuelako”, azaldu du Nerea Izuzkizak, beraiek mendi aldean bizi baitira eta bertan paketeak jasotzea zailagoa baita. Horrela, zerbitzu honi esker, paketeak jasotzea asko errazten da, etxean egon beharrik gabe, banatzaileak bertan utzi eta edonoiz jaso daitezkeelako. Erraztasun horiek guztiak emanda, Izuzkizak aipatu du zerbitzu hau ere asko erabiltzen dela.

Argazkia: Estudio Gover

Txakur garbitegia

Arropaz gain, Garbi Goxon txakurrak garbitzeko espazio guztiz egokitua dute. “Auzoan txakur handi asko daudela eta pisuetan bizi direla ikusita, jabeek animaliak etxean garbitzeko zailtasunak izan behar dituztela pentsatu genuen”, adierazi du Nerea Izuzkizak. Proiektua borobiltzeko bururatu zitzaien azken ideia izan zen. Gainera, lokalaren parean txakur parke bat dagoenez, kokapena ezin hobea da. “Etxea zikindu gabe, txakurra garbitzeko aukera duzu hemen, erosotasun guztiekin”, gaineratu du Izuzkizak. Beraz, txakurrak garbitzea eta lehortzea errazagoa da orain Garbi Goxori esker. Bestalde, txakurrentzat askotariko produktuak eskaintzen dituen vending makina ere badute espazio berean.

Erreforma enpresa

Bestetik, senarrak, Aimar Irigoienek, Construcciones Aimar Irigoien izeneko erreforma enpresa du eta bulegoa ere Garbi Goxoren instalakuntzetan dute. Askotariko zerbitzuak eskaintzen dituzte bertan, esaterako, hormigoi edo igeltsaritza lanak, baina, orokorrean eraikuntzekin loturikoak. Aimar Irigoienek azaldu duenez, oso erosoa da bere erreforma enpresaren bulegoa Garbi Goxon eskaintzen dituzten zerbitzu guztien espazio berean izatea. “Gure zerbitzu guztiak autozerbitzuak izan arren, noizbehinka intzidentziak gertatzen dira edo jendeak zalantzak argitzeko deitzen dizu”, azaldu du Irigoienek. Orduan, erreforma enpresako bulego lana egiteko espazio bat behar zutenez, bulegoa ere bertan jartzea erabaki zuten eta pozik daude hartutako erabakiarekin.

“Gure zerbitzu guztiak autozerbitzuak izan arren, noizbehinka intzidentziak gertatzen dira edo jendeak zalantzak argitzeko deitzen dizu”

Aimar Irigoien, Garbi Goxoko jabea

Nerea eta Aimarrek momentuz ez dute Garbi Goxoren eskaintzara zerbitzu berririk gehitzeko asmorik. “Dena den, jendearen iritzia eta proposamenak entzutea asko gustatzen zait, ahal diren hobekuntza guztiak lehenbailehen txertatzeko”, azaldu du Nerea Izuzkizak. Puianako lokalean jada gauza berriak jartzeko metro gutxi dituzten arren, etorkizunak esango du noraino iritsi daitezkeen Garbi Goxoren zerbitzuak.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude