Eskualdeko emakumezkoen errugbi taldeak muga gurutzatuko du Sarako Izarraren aurka jokatzeko. Zaisa Txingudik ez du partidarik izango asteburu honetan.
Ligako lehenengo garaipena lortu ondoren, Biok Txingudik goiko postuetan jarraitzeko lehian jarraitu nahiko du eta, hortaz, ezinbestekoa du saratarrak gainditzea. Lapurdiko taldea aurkari zuzenetako bat da goiko multzoko borrokan. Ez zen bertaratu ligako azkeneko partidara eta sailkapenean lau puntu kendu zaizkio zigor bezala. Horregatik ez balitz, sailkapenean bidasoarrengandik puntu batera izango zen.
Asier Gonzalezek zelairatu ditzaken jokalari multzora Ainara Guerrico eta Gaxi Famoso gehitu dira, lesio ezberdinetatik sendatuta. Norgehiagoka igandean jokatuko da Sarako Animanea zelaian 12:00etatik aurrera eta, horren aurretik, Sara/Senpere eta Txingudiko 16 urtez azpiko taldeek entrenamendu gidatu bat egingo dute elkarrekin.
18 urtez azpikoak Bizkaira garaipenaren bila
Ligako partida izango duen beste taldea Txingudi/Bera Bera sub 18 izango da. Denboraldi hasiera kaxkarra egin ondoren, Mungiara doaz Uribealdearen aurka garaipena lortzeko helburuarekin. Larunbatean, hilak 28, 12:30etatik aurrera arituko dira Atxurizubi errugbi-zelaian.
Gaztetxoak Gipuzkoako selekzioarekin
Txingudik 12 ordezkari izango ditu Gipuzkoako 13 urtez azpiko eta 14 urtez azpiko selekzioen entrenamenduan. 13 urtez azpikoek 9:30etan hasiko dute saioa eta bertara Unai Aizpurua, Giovani Ciurar, Oihan Echeveste, Galder Eizagirre, Oier Galvez, Mick Little, Urtats Mendizabal eta Urko Prieto izan dira deituak. 11:00etatik aurrera sub 14ak arituko dira, Txingudiko Urtzi Arrieta, Justin Duarte, Jonathan Guerrero eta Mattin Petrikorena barne. Entrenamenduak Hernanin ospatuko dira.
Munduko kopako finala, Txingudi Rugby Tabernan
Asteburu honetan errugbiko txapelketarik garrantzitsuena bere amaiera izango du Parisko Saint Denis estadioan. Ostiralean 21:00etatik aurrera, Argentinak eta Ingalaterrak hirugarren nor izango den definituko dute. Larunbatean, aldiz, Zeelanda Berriak eta Hegoafrikak final handia jokatuko dute 21:00etatik aurrera, baita ere. Bi partidak Irungo kale nagusiko Rugby tabernan ikusi ahalko dira.



