Isuri Gutxiko Eremua ezartzeko ordenantzari hasierako onespena eman dio Irungo Udalak

Irungo Udaleko osoko bilkurak hasierako onespena eman dio etorkizuneko Isuri Gutxiko Eremua (IGE) sortzeko eta arautzeko ordenantzari. Pauso honekin, Udalak iaz zedarritutako 0,76 kilometro koadroko esparrua arautuko du. Prozesua jendaurreko informazioaren izapidean dago orain, herritarrek alegazioak eta iradokizunak egin ditzaten. Behin betiko onespena aurtengo azken hiruhilekoan jasotzea aurreikusten den arren, ordenantza ez da indarrean jarriko urte eta erdi igaro arte, hau da, 2028ko udaberrira arte.

Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak eta Sergio Javier Hiri Garapeneko eta Mugikortasun Jasangarrikoak aurkeztu dituzte gaur goizean araudi berriaren xehetasunak. Olazabalek adierazi du egitasmo hau aukera bikaina dela hirigunean airearen kalitatea hobetzeko eta zarata apaltzeko, herritarren bizi-kalitatea zuzenean indartuz. Bestalde, Sergio Javierrek azpimarratu du neurri honekin mugikortasun urbano jasangarri eta segurua sustatzen jarraitzen dutela, Irun bertako bizilagunentzako hiri atseginagoa bihurtzeko asmoz. Gainera, ekimen honekin estatuko araudia betetzen da, 50.000 biztanletik gorako udalerriei eremu hauek ezartzeko betebeharra ezartzen baitie.

30 salbuespen

Ordenantza berriak herritarren partaidetzari esker adostutako 30 salbuespen biltzen ditu guztira, eta eremua bera modu progresiboan eta bi fasetan jarriko da martxan, hiriko parke mugikorraren aldaketei egokitzeko. Lehenengo fasea ordenantza indarrean jartzean hasi eta 2029ko abenduaren 31n amaituko da; epe horretan, 0, ECO, C edo B ingurumen-zigilua duten ibilgailuek, txirrindek eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek sartzeko baimena izango dute. Ingurumen-zigilurik gabeko autoak salbuespen berezietan bakarrik sartu ahalko dira. Bigarren fasea 2030eko urtarrilaren 1ean abiatuko da, eta une horretatik aurrera B zigilua duten ibilgailuek ere mugatuta izango dute sarrera, salbuespenetan jaso ezean.

Parte-hartze saioa herritarrekin

Herritarrei informazio guztia helarazteko, Udalak parte-hartze saio bat antolatu du ostegun honetan, ekainak 4, arratsaldeko 18:00etan Palmera Montero espazioan, sarrera librearekin toki guztiak bete arte. Horrez gain, uztailean informazio-puntu bat irekiko da Txanaleta plazan zalantzak argitzeko, eta 7.000 triptiko baino gehiago banatuko dira IGE barruko etxe eta establezimenduetan. Xehetasun, muga eta salbuespen guztiak biltzen dituen atal berezia Udalaren webgunean dago dagoeneko eguneratuta herritarren eskura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude