AROAk, Irungo Euskararen Plan Estrategikoak, 61 programa biltzen ditu hizkuntzaren erabilera indartzeko

Irungo Udalbatzak gehiengo zabalez onartu zuen joan den ostiralean, maiatzaren 29an, AROA Irungo Euskararen Plan Estrategikoa 2026-2029. Egitasmo honek datozen lau urteetarako gidatuko du Udalaren jarduna euskararen normalizazioaren alde, eta guztira 61 programa biltzen ditu, zazpi ardatz estrategikotan banatuta. Plan berri honen helburu nagusia herritarrak bizitzeko, hezteko eta gozatzeko duten denboran zehar euren hizkuntza-ohituretan eragitea da.

Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak gaur goizean aurkeztu ditu dokumentu honen xehetasun eta norabide guztiak.

Plana Eusko Jaurlaritzaren AROA Marko Estrategiko orokorraren (2024-2034) egiturari jarraituz dago antolatuta, baina betiere Irungo tokiko errealitatera egokituta. Diseinua osatzeko, alde batetik, 2018-2022 epealdiko Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren ebaluazioa hartu da kontuan, eta, bestetik, plan honetarako berariaz osatutako diagnostiko kualitatibo-kuantitatibo baten emaitzak aztertu dira, proposatutako ekintzek hiriaren egungo testuinguruari modu eraginkorrean erantzun diezaioten. Dokumentua, gainera, Euskararen Aholku Batzordean oinarrituta garatu den partaidetza-prozesu baten emaitza da; prozesu hori 2025eko maiatza eta ekaina bitartean garatu zen hainbat eragileren ekarpenekin, eta Udalak eskerrak eman dizkie parte hartu duten eragile zein alderdi politiko guztiei egindako lanagatik.

Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak azpimarratu duenez, Irunen bi hizkuntza ofizial dauden arren, gaztelaniak soilik dauka erabateko babesa gaur egun eta euskararen erabilera mugatuta dago, eta horregatik behar ditu euskarak normalizatzeko plan zehatzak. Gaineratu duenez, Udalak ezin du hizkuntza ofizial baten etorkizuna herritarren borondate hutsaren esku utzi, administrazio publikoei baitagokie egoera desorekatua aldatzea eta benetako gizarte elebidun baten alde lan egitea, bide horretan kargu publikoek erakutsi beharreko eredugarritasuna ere nabarmenduz.

7 ardatz

AROA planak zazpi ardatz hartzen ditu kontuan guztira. Bost dira ardatz nagusiak, hain zuzen ere Gobernantza, Jarrerak eta Motibazioak, Ezagutza eta Gaitasuna, Erabilera eta Elkarreragina, eta Berrikuntza; horiez gain, kudeaketarako bi ardatz berezi ditu, Ikerketa-Sistematizazioa eta Komunikazioa-Hedapena, hain zuzen. Programa bakoitzak bere arduraduna, hartzaileak, lehentasun-maila eta jarraipen-adierazleak zehaztuta ditu jada, datozen lau urteetan zehar modu koordinatuan lantzeko.

Neurri eta egitasmo nabarmenen artean daude Euskara Aholku Batzordearen berrantolatzea eta ‘Euskaraz Barra-Barra‘ ekimena, merkataritzan eta ostalaritzan euskarazko arreta bermatu eta sustatzeko. Aisialdiari eta kirolari dagokionez ‘Kalean Bai‘ plana bultzatuko da, eta familia bidezko transmisioa indartzeko ‘Familia Ola’ eta ‘Haurrak Parkean’ bezalako egitasmoak jarriko dira martxan. Horrekin batera, hizkuntza-paisaia euskaratzeko dirulaguntzak emango dira, zinema euskaraz eskainiko da adin guztietako herritarrentzat, eta Udalaren barneko Euskararen Erabilera Normalizatzeko VII. Plangintzaldiko Plana ere egitasmo honen barruan txertatuko da.

Markoa eta aurrekontua

Marko juridikoari dagokionez, ordezkariak gogorarazi du Espainiako Estatuak 1992an sinatu zuela Eskualdeetako Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna, eta Irunek 2003an onartutako Euskararen Ordenantza duela oinarri. Ordenantza horren hirugarren artikuluak ezartzen duenez, bi hizkuntzen berdintasun soziala lortzeko xedez, Udalak lehentasunezko tratamendu berezitua emango dio euskarari.

Aurrekontuari dagokionez, planak konpromiso ekonomiko sendo bat jasotzen du datozen lau urteetarako; programa berrietan gutxieneko partidak finkatu dira eta urtero ebaluatuko da zer programari eman lehentasuna Udalaren baliabideen arabera, Erabilera eta Elkarreragina ardatzari eremurik zabalena emanez euskara paperetik errealitatera pasatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude