Irungo Udalak, Berdintasun eta LGTBIQ+ Eskubideen arloaren bitartez, indarkeria matxistak prebenitzeko eta jai seguruak bermatzeko neurri sorta zabala aktibatu du San Pedro eta San Martzial jaietarako. Maite Cortina arloko ordezkariak gaur goizean, ekainak 5, aurkeztu ditu larunbat honetan bertan, ekainak 6, abiatuko diren zerbitzuen xehetasunak. Ordezkariak azpimarratu du puntu lilak jartzea edozein indarkeria matxistaren aurreko konpromiso irmoaren erakusgarri dela, pertsona guztiek eraso eta jokabide sexistarik gabeko ingurune seguru batean, askatasunez eta elkarrekiko errespetuz, gozatu ahal izan dezaten.
Aurten, puntu moreak iaz baino egun bat gehiago eta 10 ordu gehiagoz zerbitzua eskainiko du, guztira 44 arreta-orduko 11 lanaldi osatuz. Informazio-puntu horiek indarkeria matxistan prestaturiko profesionalek kudeatuko dituzte, eta bertan eranskailuak, txapak, triptikoak, preserbatiboak eta Eusko Jaurlaritzaren protokoloa banatzeaz gain, etxera itzultzeko joan-etorrietan lagundu nahi duten pertsonen topagune ere izango dira. Puntu moreak erraz identifikatzeko moduko gune seguruak izango dira eta ekainaren 6ko asteburutik hasi eta ekainaren 30era arte txandakatuko dira San Juan plazan, Urdanibian, Ficobako herri bazkarian eta Istillagako Gazte Gunean, kontzertu eta ekitaldi nagusien ordutegiekin bat eginez.
Indarkeria matxistaren biktimei berehalako arreta, lehen harrera eta aholkularitza psikologikoa emateko zerbitzua ere martxan egongo da, Isabel Fornieles Pereira psikologo adituaren eskutik. Profesional honek biktimei lagunduko die eta, hala nahi badute, baliabide sanitario, polizial zein judizialetara bideratuko ditu kasuak. Zerbitzu honetara edota Telefono Morera jotzeko, WhatsApp aplikazioaren bidez 607 07 02 02 zenbakira deitu edo mezu bat bidali beharko da. Telefono moreak etenik gabe funtzionatuko du ekainaren 23tik uztailaren 1era bitartean eguneko 24 orduetan, eta aurreko asteburuetako ekitaldi nagusietan ere (ekainak 6, 12, 13, 19 eta 20) erabilgarri egongo da.
Prebentzioa egokituta
Aurtengo berrikuntza nagusietako bat prebentzio informazioa desgaitasuna duten pertsonengana hurbiltzeko egindako egokitzapena da. Kontzertu bakoitzaren aurretik, Telefono Morearen irudiarekin batera, zerbitzuaren berri ematen duen bideo bat proiektatuko da pantailetan zeinu-hizkuntzan eta audio eta guzti, gorrengana eta itsuengana iristeko. Desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat jaien programa digitalean eta herriko establezimenduetan eskuragarri egongo den Irakurketa Erraza formatuko protokoloa sortu da. Gainera, ikuspen urriko pertsonei informazioa helarazteko, Navilens kode bereziak txertatu dira bai Irakurketa Errazeko Protokoloan eta baita jaien gida digitaleko puntu moreen atalean ere.
Azkenik, prebentzio eta sentsibilizazio lan hau udalerriko ostalaritzarekin elkarlanean indartuko da. Herriko hainbat tabernatan biniloak, pegatinak, telefono morearen informazioa, irakurketa errazeko protokoloak eta genero-berdintasunari buruzko ikonografiadun ezpainzapiak banatuko dira. Horrekin batera, eta iaz abiatutako ekimenari jarraiki, erabilera bakarreko edo biko tapabasoak banatuko dira Urdanibia eta San Juan plazen inguruko tabernen artean, jaietan mendekotasun kimikoaren bidezko eraso posibleak saihesteko.



