Miramongo Teknologia Parkeko BIC Gipuzkoaren instalazioetan banatu dira astelehen honetan Ekintzaileentzako Gipuzkoa Ekin sarien bosgarren edizioa. Epaimahaiak Ferran Olaizola De Diegoren eta Olaia Martinez Cardeñosoren Easypill egitasmoari eman dio lehen postua, proiektuaren bikaintasuna, eragin soziala eta osagai teknologiko aurreratua txalotuz. Lehiaketa honek gure lurraldeko berrikuntza eta ekintzailetza teknologikoa bultzatea du helburu nagusi. Ekimena Tknikak (Euskadiko LHko ikerketa aplikatuko zentroa) eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen dute, Urratsbat programaren bidez, Lanbide Heziketako ikasgeletan jaiotako eta merkatuan benetako aplikazioa duten proposamen puntakoenak saritzeko.
Erronka demografikoarentzako irtenbide adimenduna
Gailu irabazlea, Easypill izenekoa, botiken administrazioa automatizatzeko eta segurtasuna bermatzeko diseinatutako pastillero elektroniko adimendun bat da. Sortzaileak Bidasoa Lanbide Heziketa Ikastetxeko Goi-mailako Mantentze Lan Elektroniko graduko ikasle ohiak dira, eta osagai elektronikoak zein fabrikazio gehigarria, hau da, 3D diseinua, uztartu dituzte gailu berritzaile hau garatzeko. Proiektua egungo gizarte-premietan oinarritzen da erabat, kontuan hartuta datozen hamarkadetan hirugarren adinekoen segmentuak gora egingo duela eta, horrekin batera, botiken kontsumoak, menpekotasun egoerek eta bakardadeak ere gora egingo dutela. Horrela, Easypill gailuak tratamendu luzeek eragindako nahasmenari eta arreta faltari erantzuten dio, erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetuz.
Gailuak ohiko zaintza-ereduak eguneratu eta babestu nahi ditu, etxeetan zein adinekoen egoitzetan erabilgarri bihurtuz hainbat ezaugarri nagusiren bidez. Alde batetik, erabiltzailea tratamenduaren karga mentaletik askatzen du, dosi zehatzen programazioari eta soinu-alarmei esker. Bestetik, metodo tradizionalekin alderatuta, segurtasun osoa bermatzen du gainerako piluletarako sarbidea murrizten duelako; horri esker, gaindosiak edo giza akatsak izateko arriskuak ia erabat ezabatzen dira. Azkenik, monitorizazioari eta iraunkortasunari dagokionez, senideek edo zaintzaileek denbora errealean gainbegiratu ahal izango dute botiken hartzea, gailuaren eraginkortasuna ziurtatuz.
Mentoretza ekonomikoa
Lehen sari prestigiotsu honi esker, Ferran Olaizolak eta Olaia Martinezek bultzada garrantzitsua jaso dute euren enpresa-bideari ekiteko. Zehazki, Laboral Kutxak emandako 1.000 euroko laguntza ekonomikoa eskuratu dute euren enpresa garatzen jarraitzeko. Horrez gain, datozen 6 hilabeteetan zehar mentoretza zerbitzu espezializatua izango dute Gaztenpresa fundazioko teknikariekin. Babes eta gidaritza honi esker, Easypill proiektuaren garapen teknologikoarekin aurrera jarraitu ahal izango dute eta gailu berritzaile hau merkatura bideratzeko urrats sendoak finkatuko dituzte.



