Irungo Udalak, Euskara arloaren bitartez, dirulaguntza deialdi berria jarri du martxan 2025-2026 ikasturtean zehar euskara ikasi edo hobetzen aritu diren eta udalerrian erroldatuta dauden pertsonentzat. Hizkuntzaren ikaskuntzak eta alfabetatzeak duen garrantzia aintzat hartuta, Euskara Zerbitzuak tokiko aurrekontuaren zati handi bat bideratzen du ekimen honetara urtero. Ondorioz, herritarrek jasoko duten dirulaguntzaren zenbatekoa euskaltegietan ordaindutako matrikularen %100era iritsi daiteke kasu askotan.
Josu Iguiñiz Irungo Udaleko Euskara ordezkariak azaldu duenez, euskara ikasteko aukerak indartzea eta erraztasunak ematea funtsezko konpromisoa da hiriarentzat: «Irungo Udalak datozen lau urteetarako onartu berri duen AROA Planaren erronketako bat euskara irakatsi eta ikasteko aukerak indartu eta berriak sortzea da. Gure zeregina euskara ikasteko aukera berriak ireki eta baldintzak erraztea da, eta horretan jarraituko dugu hurrengo urteetan». Plan estrategiko honen bitartez, Irunen euskal hiztun berriak sortzea bultzatu nahi da, baita herritarren artean euskararen erabilera-esparruak zabaldu eta indartzea ere, baliabide egokiak eta laguntza ekonomikoak herritarren eskura jarriz.
Eskaera eta epeak
Eskaera-prozesua modu telematikoan erraztu da herritarrentzat. Interesatuek euren eskaera Irun Txartelaren bidez (edo beste edozein ziurtagiri digital erabiliz) tramitatu dezakete Udalaren Egoitza Elektronikoan. Webgunean eskatutako datuak bete ondoren, Irungo Udalak beharrezkoak diren egiaztapenak ofizioz egingo ditu, herritarrei izapideak eta dokumentu bilketak arinduz. Dirulaguntza hauek eskatzeko azken eguna 2026ko urriaren 1a izango da.
Iazko edizioko datu estatistikoak
Iazko deialdiari begiratuta, ekimenak harrera bikaina izan zuen herrian; guztira 263 eskari jaso ziren (177 emakumezkoenak eta 86 gizonezkoenak). Deialdian ezarritako baldintzak eta egiaztapen guztiak aztertu ostean, 194 eskari onartu ziren eta Udalak 77.612,05 euroko dirulaguntza banatu zuen guztira.
Onuradunen artean, 179 lagunek ordaindutako matrikularen %100 berreskuratu zuten zuzenean. Beste 6 herritarrek, berriz, %100 baino gutxiago jaso zuten Udalaren aldetik, HABEren dirulaguntzaren hartzaile ere izan zirelako, bi laguntzak osagarriak baitira. Hain zuzen ere, HABEk 10.329,30 euroko dirulaguntza osagarria eman zien Irungo eskatzaile horiei guztira.



