Ekainaren 21ean ospatuko den Musikaren Europako Eguna dela eta, Irungo Udalaren Kontserbatorioak eta Musika eta Dantza Eskolak musika jardunaldi handi bat antolatu du datorren ostegunerako, ekainak 18, Zabaltza Plazan. Ekimen hau 2026ko Sanpedro eta Sanmartzial Jaietako jardueren barruan kokatzen da. Gaur goizean eman dute egitarauaren berri Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteriako ordezkariak eta Amaya Liceaga kontserbatorioko zuzendariak.
Caballero ordezkariak agerraldian nabarmendu duenez, “ez zait plan hoberik bururatzen kulturaz eta zuzeneko musikaz gozatzeko. Aukera bikaina da herritarrak Zabaltza Plazara hurbildu ahal izateko, ikastetxeko ikasle eta irakasleen talentua ikusteko. Programazio zabala izango da, ziur, bertaratuen arratsaldea girotuko duena”.
Kalejira eta askotariko emanaldiak
Ospakizunaren egitaraua arratsaldeko 17:00etan hasiko da plazaren inguruan egingo den kalejira batekin, jai giroari hasiera ofiziala iragartzeko. Jarraian, 17:30etik aurrera, eskolako taldeen emanaldi nagusiak abiatuko dira. Bertaratzen den publikoak askotariko diziplinak biltzen dituen eskaintza zabalaz gozatu ahal izango du. Batetik, musika tresnen taldeak: Bandaren, orkestraren, folk taldeen, pop-rockaren eta big banden emanaldi zuzenak. Bestetik, ahotsak eta eszenaratzea: Eskolako abesbatzen kantak eta dantza emanaldi pare bat.
Jardunaldi berezi honetan adin guztietako ikasleek hartuko dute parte aktiboa, lau urtetik hasi eta helduetaraino. Oholtza gaineko aniztasun honek ikastetxeko musika-irakaskuntzaren izaera inklusiboa eta belaunaldien artekoa islatzen du. Ekimenaren helburu nagusia musika herritarrei hurbiltzea da, ikasturtean zehar geletan egindako lan handia erakutsiz eta ikasle zein irakasle guztien talentua eta ilusioa Irun osoarekin partekatuz.



