Irungo Udaleko Gizarte Ongizate arloak ‘Udan Gogoz‘ programa jarri du martxan beste urte batez, 2018ko udatik egiten ari den bezala, Irunen bizi diren 60 urtetik gorako pertsonei udako hilabeteetan jarduera ezberdinak eskaintzeko asmoz. Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak azaldu duenez, Adinekoentzako Guneek udan aktibitate gutxiago dituzte eta programa honek hutsune hori estaltzea du xede. Ekimenaren helburu nagusia nahi gabeko bakardadea saihestea, jarduera fisikoa sustatzea eta garapen kognitiboa zein komunitate-bizitza lantzea da, betiere doako formatu batean.
Gimnasia eta yoga Sargia eta Antzaran parkeetan
Uztailaren 6tik abuztuaren 28ra bitartean, astelehenetik ostiralera, ordubeteko gimnasia eta yoga saioak egingo dira gorputza eta burua naturarekin lotzeko, uztailaren 31ko jaiegunean izan ezik. Aurten, nobedade gisa, bi gunetan banatuko dira saioak herritarren erosotasunerako: Sargia parkean (9:00etatik 10:00etara) eta Antzaran parkean (10:30etik 11:30era). Eguraldi txarra eginez gero, Sargiako saioak Uranzuko pilotalekura eramango dira, eta Antzarankoak Lekaeneako gune sozialera. Ariketa hauetan parte hartzeko ez da aldez aurretik izenik eman behar; nahikoa da hitzordura arropa erosoarekin eta esterilla batekin azaltzea.
Kultura-irteerak eta txangoak
Adinekoen Espazioetako erabiltzaileen eskariari erantzunez, hilean bi egunetan egun osoko kultura-txangoak antolatu dira autobusez, inguruko historia, natura eta aisialdia taldean ezagutzeko. Doako irteerak badira ere, parte-hartzaile bakoitzak bere janaria eraman beharko du. Autobusak goizeko 09:00etan aterako dira San Juan plazako geltokitik (Bixera zaharra) eta iluntzeko 20:00ak aldera itzuliko dira.
Uztailaren 10ean Gasteizko Santa Maria katedralera eta upeltegi batera bidaiatuko dute, eta uztailaren 24an Donostiako Zientzia Museora eta Igeldoko jolas-parkera. Abuztuaren 7an Gernikatik ibilaldi gidatua egin eta Bilboko itsasadarra itsasontziz zeharkatuko dute; azkenik, abuztuaren 21ean, Sara, bertako leizeak eta Euskal Pastizaren Museoa bisitatuko dituzte. Izena emateko epea ekainaren 15etik 25era egongo da zabalik www.irun.org webgunean, eta jende gehiegik izena emanez gero, zozketa publikoa egingo da ekainaren 26an Palmera Montero Gunean.
Errealitate birtuala
Aurten aurkeztutako beste berrikuntzetako bat errealitate birtualeko betaurrekoen bidezko tailerra da. Palmera Montero Gunean (1. gelan) izango da uztailaren 7tik abuztuaren 17ra bitartean, astearte eta ostegunetan, 18:00etatik 19:00etara. Parte-hartzaileek 200 eduki baino gehiagoko 360º-ko esperientziak izango dituzte eskura, natura, musika, museoak edo munduko hiriak ezagutzeko, memoriam eta kontzentrazioa suspertzeko xedez. Izena emateko Palmera Monteroko 1. gelara joan behar da astelehenetik larunbatera, 16:00etatik 20:00etara.
Adinekoen tratu txarren aurkako sentsibilizazioa
Gaur, ekainak 15, Zahartzaroko Abusuaz eta Tratu Txarrez Jabetzeko Munduko Eguna denez, hainbat sentsibilizazio ekintza antolatu dira ‘Sentsibilizaziotik haratago: adin handiko pertsonen abusua behar bezala prebenitzea’ lelopean. Belaskoeneako zentroan ‘Tejiendo redes de buen trato’ tailerra egingo da 17:30etik aurrera. Bestalde, zineforuma antolatu da ‘El agente topo’ dokumentalarekin San Migelen (gaur, 17:00etan) eta Behobian (ekainaren 18an, 17:00etan), errealitate hau salatzeko eta babes zein zaintza zerbitzuen koordinazioa indartzeko.



