Osasun Bidasoak Bidasoaldeko osasun-arretaren norabidea aldatzea eta ESIko zuzendaritza berritzea exijitu dio Osakidetzari

Milaka herritarrek babestutako azken mobilizazioen ostean, plataformak kudeaketa politiken aldaketa eskatu du eta udazkenean protestekin jarraitzeko asmoa agertu du.

Joan den larunbatean milaka herritarrek Bidasoaldean Osakidetzak eskaintzen duen osasun-arretaren kudeaketarekiko desadostasun sakona adierazi zuten Zabaltza plzan. Irungo jaien bezperan eta bero handia egin arren, mobilizazioak babes zabala jaso zuen herritarren aldetik. Bertan izan ziren eskualdeko alkateak, udaletan ordezkaritza duten alderdi politiko gehienetako ordezkariak eta osasun-profesional ugari; izan ere, Bidasoa Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuko eta Irungo PACeko langileek ere idatziz salatu dute larrialdi-arretaren egoera larria. Osasun Bidasoak eskerrak eman nahi izan dizkie herritar guztiei jasotako babes guztiagatik.

Testuinguru honetan, Osasun Bidasoak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari hitz hutsak eta bete gabeko promesak alde batera uzteko eta neurri zehatzak hartzeko eskatu dio. Plataformaren ustez, Bidasoaldeko eta Bortzirietako herritarrek kalitatezko eta hurbileko osasun-arreta berreskuratzea eskatzen dute argi eta garbi. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dute Osakidetzak orain arteko politikak baztertzea eta osasun-arretaren kudeaketan norabidea erabat aldatzea, egungo arazoei benetako irtenbidea emateko.

Iragarritako hobekuntzen arrastorik ez

Egoeraren kronifikazioa argitzeko, plataformak gogorarazi du datorren irailean urtebete beteko dela Pedro Morrondo doktorearekin, Bidasoa ESIko gerente izendatu berriarekin, bilera egin zutenetik. Hitzordu hartan herritarrei pazientzia eta ulermena eskatu zitzaizkien arren, denbora igaro da eta iragarritako hobekuntzak ez dira inolaz ere bete. Hori dela eta, Osasun Bidasoaren iritziz, egungo arazoei erantzun egokia emateko beharrezkoa da Bidasoa ESIko zuzendaritza asistentziala behingoz berritzea, egungo zuzendari medikoak, Mª Eugenia Alkizak, eta erizaintzako zuzendariak, Miren Lasak, 13 urte baino gehiago daramatzatelako euren karguetan.

Plataformako arduradunek nabarmendu dutenez, gauzak behar bezala funtzionatzen ez dutenean eta arazoek urteetan irauten dutenean, arduradunak berritzea ezinbestekoa izaten da egoera ilun hau iraultzeko. Horregatik guztiagatik, eta udako etenaldiaren ondoren, Osasun Bidasoak herritarren mobilizazioekin irmo jarraitzeko asmo sendoa agertu du datorren ikasturtetik aurrera, eskualdean galdutako osasun-zerbitzu guztiak erabat berreskuratu arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude