Joan den ostegunean, ekainaren 18an, ikasturteari amaiera borobila emateko 2026ko Eskolako Eguna ospatu zuten Bidasoaldea HHIn. Goizean zehar, ikasle zein irakasleek jai giro paregabeaz gozatu ahal izan dute, elkarrekintza eta parte-hartzea sustatu duten hainbat ekintzarekin.
Eskolako olinpiadak eta aisialdia
Eguna indartsu eta energiaz beterik hasi zuten eskolako Olinpiadekin. Ikastetxeko patioan, herri kirolak eta jolasak izan dira nagusi, eta ikasleek talde-lanean neurtu dituzte indarrak hainbat proba herrikoitan: Zaku lasterketa, sokatira, lokotx bilketa eta zapi-zapi jokoa.
Kirolaz eta lehiakortasun osasuntsuaz gain, aisialdirako eta umorerako tarte bikaina ere egon da, bertaratu guztiak animatu dituzten bingoarekin eta karaokearekin.
Diploma Banaketa
Goizeko unerik hunkigarriena, zalantzarik gabe, diplomen banaketa ekitaldia izan da. Zuzendariak ikasle guztien meritu izugarria azpimarratu du, familia, lana eta ikasketak egunerokoan bateratzea lortu dutelako, eta mezu argi eta indartsu bat gogorarazi du: “inoiz ez dela berandu”.
Ondoren, ikasketa buruak DBH titulua lortu duten ikasleen izenak ozenki esan ditu, eta tutoreek banan-banan eman dizkiete merezitako diplomak. Gainera, aurtengo ekitaldia bereziki esanguratsua eta historikoa izan da zentroarentzat: lehen aldiz eman baitzaio ohorezko matrikula EPAko ikasle bati, Carolina Orejuelari hain zuzen ere.
Kulturarteko bazkaria eta elkarbizitza
Jaialdiari amaiera ezin hobea emateko, kulturarteko bazkaria egin zuten. Ekimen honen bitartez, eskolaren bereizgarri den aniztasun aberatsa eta elkarbizitza osasuntsua mahai baten inguruan ospatu dituzte, ikasturteari amaiera borobila emanez.



