Udalak inbertitutako euro bakoitzeko 2,13 euro sortu ditu Dies Oiassonis jaialdiak

Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren XVI. edizioak 884.934 euroko jarduera ekonomikoa sortu du Irunen, antolakuntzak egindako eragin ekonomikoari buruzko azterlan baten arabera. Txostena osatzeko 557 inkesta, aforo-kontrolak eta jarduera irekien kalkuluak erabili dira, eta lortutako datuek erakusten dutenez, Irungo Udalak inbertitutako euro bakoitzeko 2,13 euro sortu dira tokiko ekonomian. Nuria Alzaga Hiri Bultzadako eta Sustapen Ekonomikoko ordezkari eta alkateordeak azpimarratu duenez, ekitaldiak kultura, ondarea, jarduera ekonomikoa eta hiri-nortasuna lotzeko gaitasuna duela erakusten dute datuok.

Zenbateko osoaren xehetasunei dagokienez, 657.070 euro zuzeneko kontsumoari dagozkio, 207.216 euro antolaketaren inpaktuari eta 20.648 euro beste sektore ekonomiko batzuetan sortutako zeharkako eraginari. Horrez gain, jaialdiak 733.000 euroko ekarpena egin dio tokiko BPGari eta 661.632 euroko balio erantsi gordina eragin du, 11 lanpostuk urtebetean sortzen duten jardueraren baliokidea izanda. Inpaktu horrek zuzenean ukitu ditu hiriko ostalaritza, merkataritza eta ostatuen sektoreak.

Parte-hartzean gorakada

Horrez gain, parte-hartzaileen kopuruak gora egin du nabarmen: guztira 19.229 pertsonak hartu dute parte, iaz baino % 28 gehiagok. Publikoaren % 69 irundarra izan bada ere, kanpotik etorritakoen proportzioa % 31ra igo da (% 8ko hazkundea iazkoarekin alderatuta). Zehazki, 1.500 turista inguru hurbildu dira Irunera jaialdiaren aitzakian, eta batez beste 4,2 gau igaro dituzte, % 39k hiriko hoteletan bertan ostatu hartuz.

Azkenik, bisitariek zein herritarrek oso balorazio positiboa eman diote jaiari: 10etik 8ko nota orokorra lortu du, eta turisten kasuan 8,2raino igo da. Inkestatutako herritarren % 93k uste du mota honetako ekimenak bultzatzen jarraitu behar dela, eta % 94ren iritziz Irunen irudia hobetzen laguntzen du. Datu zein erantzun hauek eskuetan hartuta, Udala dagoeneko lanean ari da etorkizuneko edizioetan hobetu beharreko alderdiak aztertzeko eta kanpo-proiekzioa zabaltzen jarraitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude