Irungo Udalak lehen balorazio oso positiboa egin du joan den abuztuaren 7, 8 eta 9an ospatutako Euskal Jiraren 46. edizioaz. Asteburu osoan zehar hiriko kaleetan izandako parte-hartze handiak eta giro bikainak markatu dute aurtengo ospakizuna. Aurten ezarritako formulari esker, Euskal Jira testuinguru berri batean ospatzea bermatu ahal izan da, Udalaren, Irungo Euskal Jira Batzordearen eta festari lotutako erakunde, elkarte, gurdi zein kolektiboen arteko lankidetzari esker.
Cristina Laborda alkateak azpimarratu duenez, “ardura oso garrantzitsu bat genuen: Irunek aurten ere bere Euskal Jiraz gozatu ahal izatea, eta hori maitasunetik, errespetutik eta lankidetzatik egitea”. Alkateak bereziki eskertu nahi izan du antolakuntzan eta prestaketan inplikatu diren pertsona zein elkarte guztien lana. Horrez gain, jakinarazi du datozen asteetan edizio hau prestatzeko sortutako lantaldea berriro bilduko dela balorazio osoa egiteko, zerk funtzionatu duen eta zer hobetu behar den entzuteko, festa honen historia nahiz esentzia errespetatuz etorkizuneko ereduak elkarrekin aztertzeko asmoz.
Ostiraletik aurrera, erdiguneko kaleetan eta Urdanibia Plazan jende ugari bildu zen haurrentzako jolas, erraldoi, emanaldi, kontzertu, herri kirol eta kalejirez gozatzeko. Une nagusietako bat larunbateko desfilea izan zen: bederatzi gurdi tematikok parte hartu zuten eta 900 pertsona inguruk hartu zuten parte dantzari, trikitilari, txistulari, bertsolari eta kultur elkarteetako kideen artean. Programazioa borobiltzeko, Gipuzkoako Gizonezkoen Pentatloi Txapelketa eta Gipuzkoako Emakumezkoen Trontza Txapelketa ere jokatu ziren Urdanibia inguruan.



