Irungo Stadium Gal estadioak emakumezkoen futboleko hitzordu nagusietako bat hartuko du datorren asteazkenean, abuztuak 19. Realak eta Athletic Clubek XVI. Euskal Herria Kopako final handia jokatuko dute elkarren aurka, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Real Unionen estadio historikoak agertoki paregabea eskainiko dio bi talde nagusien arteko euskal derbi zirraragarri honi.
Sarrerei dagokienez, salneurri orokorra 10 eurokoa izango da. Hala ere, doako sarrera izango dute 14 urtetik beherako gazteek eta Real Union klubeko kide zein bazkideek. Sarrerak aldez aurretik eskuratu nahi dituzten zaleek Euskal Herria Kirolaren atari ofizialean daukate aukera (ehkirola.eus/sarrerak).
Euskal Herria Kirolak antolatutako txapelketa honek denboraldi-aurreko proba garrantzitsuenetako bat izaten jarraitzen du bi taldeentzat. Halaber, zaleentzat aukera bikaina izango da denboraldi berriaren atarian maila goreneko euskal futbolaz eta giro bikainaz gozatzeko.



