Irungo Udalak, Hezkuntza zein Hiri Bultzada eta Ekonomiaren Sustapeneko arloen bidez, gogorarazi du irailaren 30era arte zabalik egongo dela ‘Erosi eta Ikasi Irunen‘ programaren deialdia. Tokiko saltokietan eskola-materiala erosteko familiei zuzendutako laguntza honek 200.000 euroko zuzkidura ekonomikoa du aurten, eta helburu bikoitza du: familiak hezkuntza-gastuekin laguntzea eta hiriko merkataritza txikia sustatzea.
Deialdia Irunen erroldatutako haurrak dituzten familiei bideratuta dago, betiere ikasleak Derrigorrezko Hezkuntzan (Lehen Hezkuntza, DBH edo Oinarrizko Lanbide Heziketa) badaude. Aurten, bizikidetza-unitate bakoitzaren urteko errenta gordinaren arabera handitu dira diru-kopuruak: 30.500 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten familiek 160 eurorainoko laguntza jaso ahal izango dute; 30.500,01 eta 44.500 euro arteko errentak dituztenek 125 euro gehienez; eta 44.500,01 eta 58.500 euro artekoek, berriz, 100 euro gehienez.
Laguntzen eskaera
Diruz lagundu daitezkeen erosketen artean daude mahaigaineko materialak (arkatzak, koadernoak, folioak), material ez-suntsikorra (motxilak, testuliburua, kalkulagailuak), eskolako nahiz gorputz-hezkuntzako arropa eta oinetakoak, hezkuntza artistikorako elementuak eta ikastetxeek berariaz eskatutako materialak. Fakturek 2026ko ekainaren 19tik irailaren 30era arteko data izan behar dute eta Irungo saltokietan egindako erosketenak izan behar dute.
Tramiteak egiteko, eskaerak Udalaren egoitza elektronikoaren bidez tramitatu behar dira (www.irun.org/sede), Irun Txartela edo beste sinadura digital bat erabiliz eta fakturak eskaneatuta erantsiz. Sinadura digitalik ez duten herritarrek Irun Txartela eskatu dezakete sarean edo HAZ zerbitzuarekin harremanetan jar daitezke (010 edo 943 50 51 52 telefonoetan) argibide gehiago jasotzeko.



