Erromatarrek, gutun bat ixterakoan, hitz sinple baina esanguratsua idazten zuten: vale, «ondo egon» esan nahi zuena. Gutunaren amaiera adierazten zuten, harremanak aurrera jarraituko zuela adieraziz, distantziak eta denborak gaindituz. Erromatarrek, hala ere, agur egiteko modu bat baino gehiago zituzten, hartzailearen eta testuinguruaren arabera. Ave eta salve ongietorriko hitzak ziren; vale eta valete, berriz, benetako agur-formulak, gutunak nahiz biltzarrak ixteko erabiltzen zirenak.
Irailean, zazpi urteren ondoren, Oiasso Museoko zuzendaritzari agur esateko unea iritsi zait, esker onez betetako agurra, eta hitz horiek datozkit gogora.
Zazpi urte hauetan denetarik bizi izan dugu. Pandemiak museoaren ateak itxi zituen, baina ez gure ilusioa. FICABen 20. urteurrenean erakusketa berezi bat antolatu genuen. Ama Xantalen nekropolia berritu genuen, bere balio eta edertasunaz hobeto gozatzeko. Beharrezko erakusketak sortu ditugu, besteak beste, Emakume arkeologoak Gipuzkoan. Aniztasunaren Gala martxan jarri eta finkatu genuen. FICABen 25. urteurrena ere ospatu genuen, jaialdi honek gure artean ez ezik Espainia osoan duen garrantzia agerian utziz. Termak musealizatu eta erakusgai jarri genituen, harri haiek berriro hitz egin zezaten. Irugurutzetako meatzaritza-gunea berritu eta zabaldu genuen, Irunen erromatar iragana hirigunean bakarrik ez zela geratu erakutsiz. Dies Oiassonisek ere herritarren parte-hartzearen sekulako bultzada jaso du. Tren txikitoa martxan jarri dugu, familiek eta bisitariek aztarnategia beste modu batean senti dezaten. Ikastaro eta tailer berriak antolatu ditugu, argitalpenak egin ditugu eta Oiassorekin lotutako gaien inguruko kongresuak sustatu ditugu. Irundik haratago dauden museoekin harremanak estutu ditugu, baita hainbat unibertsitate eta elkarterekin ere. Ehunka eta ehunka bisitari jaso ditugu, jakin-minez eta gogoz gurera hurbildu direnak, eta guk ilusioz hartu ditugunak. Museoko ateak zabaldu ditugu, eta zabalik mantendu, museoa irundar guztiona dela gogoraraziz. Erantzuna ezin hobea izan da. Irun eta inguruko eragileekin hamaika egitasmo jarri ditugu martxan: ikerketarekin, arkeologiarekin, historiarekin, inklusioarekin, kirolarekin, euskararekin, kulturarekin, berdintasunarekin… eta beste makina bat gairekin lotura dutenak. Eragileengandik beti jaso dugu erantzun ezin hobea, eta erraza izan da proiektuak haiekin partekatzea eta elkarrekin aurrera eramatea.
Baita herritarrekin ere. Zenbat proposamen, eta zer nolako inplikazioa museoarekiko! Benetan hunkigarria da den-denen eskuzabaltasuna.
Arkeolan Fundazioa eta bertako arkeologoak izan ziren Oiassoko aztarnak aurkitu zituztenak, Mertxe Urteagaren zuzendaritzapean eta Jaime Rodríguez Salísen babesarekin. FICAB jaialdia ere martxan jarri zuten, eta aurkitutako pieza esanguratsuenekin erakusketa antolatu zuten Amaia Kulturgunean. Ondoren eta Udalaren bultzadari esker, duela 20 urte, uztailaren 20an, museoa errealitate bihurtu zen eta ateak zabaldu zituen.
Museoko zuzendaritzan nire aurretik izan diren Mertxe Urteagak, Elena Torregarayk eta Cristina Agirrek lan bikaina egin dute. Niri Oiasso Museoko zuzendari izateko aukera suertatu zitzaidanean, bidea ondo landuta zegoen, eta zazpi urte geroago, museoa nire bizitzaren zati oso garrantzitsu bihurtu da; baita Irun eta irundarrak ere. Ohore handia izan da museo eder honen zuzendari izatea. Oso urte aberatsak eta aberasgarriak izan dira niretzat. Adiskide onak egin ditut urte hauetan, eta den-denei eskerrak eman nahi dizkiet.
Eskerrik asko Udalari eta Udala “egiten” duten langile guztiei. Eskerrik asko Arkeolan Fundazioari, emandako babes eta laguntza guztiagatik. Museoko lan-talde osoari ere esker mila: Juanjo, Idoia, Itxaso, Idoia, Judith, Ane, Aitor… eta urte hauetan guztietan gurekin egon diren guztiei, zuen lana eta konpromisoa azpimarratzekoa da, eta museoaren muina zarete… faltan botako zaituztet! Eta eskerrik asko nire ondoren etorriko diren Ander Arrese zuzendari berriari eta FICABeko zuzendari izango den Mélanie Dore-ri. Bidean jarraituko duzue, eta ziur nago Oiassok eta FICABek indartsu jarraituko dutela.
Familia sendo bat eraiki dugu urte hauetan guztietan. Familia horren parte sentiarazi nauzuen guztioi, eskerrik asko bihotz-bihotzez.
Museoko zuzendaritza uzten badut ere, museoarekiko nire lotura tinko mantenduko da. Eta museoari agur esatearekin batera, urte hauetan Oiasso Museoaren izenean hilero idatzi izan ditudan lerro hauei ere amaiera emango diet. Eskerrik asko Irunero aldizkariari eta, bereziki, Ainarari, zure animoengatik eta museoari eskaini diozun leiho honengatik.
Ave atque vale, Oiasso. Agur eta mila esker. Agur, baina ez betiko: loturek hor jarraituko baitute, denborak eta distantziak gaindituz.
Aizpea Goenaga, Oiasso Museoaren zuzendaria.



