Irunen, Puiana kaleko 18. zenbakian kokatutako Garbi Goxo garbitegiak bi urte daramatza herritarren eta auzokideen bizitza errazten, bere eskaintza zabalari eta aparkatzeko erosotasunari esker. Orain, urrats bat haratago joan eta etxez etxeko garbitegi zerbitzu berria jarri du martxan, batez ere autonomoen eta enpresa txikien eguneroko jarduna arintzeko helburuarekin. Nerea Izuzkiza negozioaren jabeak berritasun honen xehetasunak ezagutarazi dizkigu, baita garbitegiak, maskotentzako zerbitzuek edo 24 orduko vending makinek izan duten harrera bikaina ere.
Zergatik erabaki duzue etxez etxeko zerbitzua aurretik eskaintzen zenituzten zerbitzuetara gehitzea?
Ikusi genuen gure garbitegira askotariko jendea etortzen zela: umeak dituztenak, autonomo txikiak, hau da, denetik. Jendeak galdetu izan digu ea zerbitzu hau eskaintzen dugun eta hasiera batean eskaintzen ez genuenez, orain eskaini ahal izatea pentsatu dugu. Beraz, nahi duenak, hemendik aurrera erabiltzeko aukera izango du.
“Batez ere, autonomo eta enpresa txikientzat pentsatuta dagoen zerbitzua da”
Zein bezero edo negozio motentzat izan daiteke lagungarria?
Batez ere, autonomo eta enpresa txikientzat pentsatuta dagoen zerbitzua da. Izan ere, ezinezkoa zaigu handiagoak diren enpresei zerbitzua eskaintzea. Adibidez, ostatu turistiko, masajista, ile apaindegi, jatetxe edo nekazal etxeentzat egiten dugu lan.
Zerbitzua kontratatzen dutenek, nolako onurak jasoko dituzte?
Aukera desberdinak dauzkagu. Esaterako, garbitu beharreko gauzak hona ekarri ditzakete edo gu geu pasa gaitezke horiek jasotzera. Hemen, objektuaren arabera tratamendua ezberdina izango da. Adibidez, toallak izatekotan, garbitu lehortu, bildu eta tolestuta itzuliko genituzke. Bestetik, maindireak badira, plantxa profesional bat erosi dugu, beraz, plantxatuta itzuliko genituzke.
Behin zerbitzua eskaintzen hasita, eskaria eta bezeroen balorazioa espero zenutena izan da?
Ekainean jarri genuen zerbitzu berri hau martxan eta lehen asteetan jada lehenengo bezeroak lortu genituen, aurretik bezeroak ziren batzuei eskaini bezain laster kontratatu egin dutelako. Beraz, orain bezero berriei eskaintzeko garaia da, etxez etxeko zerbitzua dugula jakin dezaten eta, nahi izanez gero, kontratatzeko.
Aurretik eskaintzen zenituzten beste zerbitzuen antzera, etxez etxeko banaketak ere bezeroen bizitza erraztea du helburu, ezta?
Bai, hori da nire helburu nagusia, batez ere, enpresa txikien jarduna erraztea. Azken batean, enpresa handiek jada beren protokoloak zehatuak dituzte, txikiak bidean galdurik dabiltzan bitartean. Horregatik, gure helburua txiki horiei laguntzea da.
Berritasun honetan interesa dutenek edo informazio gehiago nahi dutenek, nora jo dezakete?
Ba, nahiago duten bidea erabili dezakete. Garbi Goxoren telefonora deitu dezakete, 621 150 979, emailez info@garbigoxo.com edo bertatik igarota, Puiana kaleko 18. zenbakian gaude eta. Beraz, jar daitezela gurekin harremanetan nahiago duten bidea erabiliz eta hien beharretara egokituko gara.
Gainontzekoan, pare bat urte igaro dira gainerako zerbitzuak martxan jarri zenituztenetik. Esaterako, zer moduz doa garbitegi zerbitzua?
Egia esan, oso ondo, uste baino askoz hobeto esango nuke. Jende asko etortzen da eta nabari da parean kotxea uzteko eta aparkatzeko ere erraztasunak daudela eta hori Irun bezalako hiri batean asko eskertzen da. Beraz, oso gustura gaude zerbitzu honek duen erabilerarekin.
Bestetik, 24 orduz zerbitzua ematen duten vending makinak dauzkazue. Bertan duzuen eskaintza zabalaren artean, zeintzuk dira produktu salduenak?
Nabaritu dugu horrelako produktuak bereziki udan asko saltzen direla. Jendeak asko eskertzen du gauzak azkar erosteko ilararik itxaron behar ez izatea. Produktu asko dauzkagu gure makinetan, hori egia da, baina adibidez kafea uste baino gehiago saltzen da, nahiz eta inguruan, auzoan, bestelako kafetegiak egon. Gainera, orain udaran kafe hotzak ere baditugu eta hori ere eskertzen du jendeak.
Garbi Goxo etxeko maskotek ere badute beren lekua. Nolako zerbitzuak dituzue haientzat?
Hala da. Hasieran txakurrak garbitzeko jarri genuen bainera aldatzea erabaki genuen, erabiltzaileentzat erosoagoa izan zedin. Ondoren, maskotentzako ile-apaindegi zerbitzua eskaintzen hasi ginen hemen bertan eta oso harrera ona izan zuen. Azken berrikuntza berriz, maskoten gauzak garbitzeko garbigailu berezi bat jartzea izan da.
Garbi Goxon bezero leiala izateak badu saria. Nola neurtzen duzue hori?
Ba garbigailuak edo lehorgailuak erabiltzeko momentuan fideltasun txartelarekin ordainduz gero, makinak automatikoki egiten du deskontua. Aukera hori eskaintzea erabaki genuen eta, txartel hauek ere, uste baino gehiago saldu dira.
“Ekainean jarri genuen zerbitzu berri hau martxan eta lehen asteetan jada lehenengo bezeroak lortu genituen”
Bezeroen profila definitu beharko bazenu, gehienak auzokoak direla esango zenuke? Ba al da kanpotik datorren jendea ere?
Denetik esango nuke. Egia da, auzoan bertan bizi direnak asko direla. Baina, aldi berean, Puianatik kanpo Garbi Goxora jende asko hurbiltzen dela jakin badakigu. Izan ere, lehenago esan dudan bezala, atetik gertu aparkatzeko aukerak daude, baita tarte batez, ate parean uzteko ere. Azkenaldian ikusi izan dugu turistak edo bidaian dagoen jendea ere etortzen zaigula.
Eskainitako zerbitzu guztiak bakoitzak bere kabuz erabiltzeko pentsatuak egon arren, zuek ere edozertan laguntzeko prest eta adi zaudete beti.
Bai, beti aipatzen diot jendeari edozein zalantza edo arazo izanez gero, nire telefono zenbakia eskura dutela argibideak emateko. Gainera, ahal dudan guztietan alboan dugun bulegoan egoten naiz, jendeari sortzen zaizkion premietan laguntzeko prest. Bertan ez nagoenetan, berriz, telefonoari adi izaten naiz.
Azken berritasunak eta orain arteko bidea ikusita, etorkizunean Garbi Goxoren eskaintza osatzen jarraitzeko ideiarik baduzue jada?
Ba bertan ez da espazio gehiagorik. Agian, ez dugu deskartatzen, kanpoan takila edo kutxatila moduko batzuk jartzea, bertan jendeak garbitu beharreko gauzak ondo datorkionean utzi eta guk jaso ahal izateko, azken batean, bezeroari erosotasun handiagoa eskaintzeko. Behin garbiketa lan guztiak eginak, garbitzeko ekarri digutena bertan utziko genuke berriro.



