Irungo Udal Gobernuak Egonaldi Turistikoen gaineko Zerga hirian aplikatzeko ordenantza arautzailearen proposamena aurkeztu du, joan den ekainean onartutako Foru Arauaren ondoren eta 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera indarrean sartzeari begira. Udal-proposamenak turismo-ostatuko kategoria bakoitzerako gutxieneko tarifak aplikatzea planteatzen du. Halere, salbuespen gisa, gehieneko karga ezarriko zaie erabilera turistikoko etxebizitzei, hau da, 6,50 euro pertsona eta gau bakoitzeko.
Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Ogasuneko ordezkariak azaldu duenez, proposamenak oreka eta erantzukizun irizpideei erantzuten die, hirian garatzen ari diren etxebizitza-politikekin koherentzia mantenduz. Irun bizitegi-merkatuko gune tentsionatua denez eta etxebizitza eskuratzea familia askoren kezka nagusia denez, neurri honen bidez bizitegi-erabilera babestu nahi da. Horrekin batera, Alzagak defendatu du bereizketa hau guztiz bateragarria dela hiriko jarduera ekonomikoa nahiz turistikoa bultzatzearekin. Horrez gain, zerga berri honi esker, bisitariek beren egonaldian erabiltzen dituzten zerbitzu zein espazio publikoei eusten eta hiria mantentzen lagunduko dute.
Prestaketa bateratua
Udalaren planteamendua dagoeneko egiaztatu da sektore turistikoko profesionalekin, eta datozen asteetan lan bera egingo da erabilera turistikoko etxebizitzen jabeekin. Horrela, 2027an indarrean jartzen denerako, kudeaketa praktikoa errazteko beharrezkoak diren dokumentazioa, prozedurak eta izapideak elkarrekin prestatuko dituzte.
Azkenik, araudiak zenbait salbuespen ere jasotzen ditu; besteak beste, zerga ordaintzetik kanpo geratuko dira 18 urtetik beherakoen egonaldiak, osasun- zein ikasketa-arrazoiengatik egindakoak, eta % 65eko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonenak.



