Ertzaintzako agenteek 34 urteko gizon bat atxilotu zuten igande arratsaldean Irunen, dirua faltsutzea egotzita. Operazioa herritarren babeserako patruila batek abiatu zuen, hirigunean aparkatutako auto bateko lau bidaiariak identifikatu zituenean, haietako batek oinezko batekin liskarra izan ostean. Dokumentazioa eskatu eta ibilgailua ikuskatu ondoren, ertzainek 50 euroko 21 billete faltsu aurkitu zituzten gidariaren eserleku alboko tarte batean. Billete-zorroaren jabea (aurretik 15 atxiloketa eta polizia-aurrekari ugari dituen gizon espainiarra) berehala atxilotu eta Ertzain-etxera eraman zuten, bidezko tramiteak egin eta materiala Polizia Zientifikoari helarazteko.
Astelehenean, agenteek atxilotuaren etxebizitza miatu zuten eta ezaugarri bereko beste 98 billete faltsu, aire konprimatuko karabina bat eta ustez substantzia estupefazientea zuten bi pakete konfiskatu zituzten. Guztira 119 billete faltsu (5.950 euro) atzeman zaizkio gizonari, eta Poliziak ikerketa irekita mantentzen du billete horiek inguruan banatzen arituko zirelakoan. Izan ere, joan den maiatzaz geroztik 10 atestatu ireki dira eskualdeko ostalaritzan zein dendetan mota bereko billete faltsuak erabili direlako, eta oso posible da zirkulazioan kopia gehiago egotea. Atxilotua laster utziko dute Agintaritza Judizialaren esku.
Faltsifikazioak detektatzeko gakoak
Iruzurren biktima ez izateko, Ertzaintzak gogorarazi du atzemandako faltsifikazioak kalitate onekoak diren arren (zeharrargiko ur-marka, segurtasun-haria, holograma eta leihoa imitatzen dituzte) erraz detekta daitekeela faltsuak direla. Alde batetik, papera biratzean, aurrealdeko 50 zenbakiko tinta berde esmeraldaren distira ez da bertikalki desplazatzen, benetakoetan gertatzen den bezala. Bestetik, kopia hauek erabat lauak dira eta ez daukate benetako billeteen erlieberik, batez ere aurrealdeko letretan eta 50 zenbaki handian ukitua egiterakoan.



