
Irunen eta trenbidearen arteko harremana hiriak bere historian zehar eraiki duen identitatearen oinarrizko zutabeetako bat da. XIX. mendearen erdialdetik aurrera, altzairuzko bideek ez zuten bakarrik eskualdeko garraio eredua eraldatu; aitzitik, Irunen bilakaera ekonomikoa, soziala, industriala eta hiri diseinua bera ere sakonki gidatu zituzten. Gaur egun, mende bat eta erdi baino gehiagoko ibilbide aberats baten ondoren, Bidasoko hiri nagusi honek azpiegitura berri eta moderno baten bidez bere trenbide ingurunea erabat berritzeari eta etorkizuneko mugikortasunari erantzuna emateari heldu dio berriro ere.
Irunen trenbide historia modernoa 1863ko urrian hasi zen ofizialki, Beasaindik zetorren lurrun lokomotora batek Iparraldeko Linea inauguratu zuenean. “Compañía de los Caminos de Hierro del Norte de España” elkarteak 1856an abiatutako proiektu handi hark bere lehen mugarri nagusia lortu zuen. Halere, 1864 urtea izan zen Madrildik irten zen lehenbiziko trenak hirira heldu eta ibilbidea osorik bete zuen urtea. Une horretatik aurrera, Irun Frantziaren eta Espainiaren arteko komunikazioko gune estrategiko bilakatu zen europar mailan, modernitateari ateak zabalduz eta garai berri baten hasiera markatuz.
Muga kokapen estrategiko hori zela eta, Bidasoa ibaia zeharkatzeko lehen harrizko zubia eraiki zen Santiagoko pasabidean 1862 eta 1863 urteen artean, trenbideak ibaia zeharkatu ahal izan zezan. Zubia 1864ko abuztuan inauguratu zen ofizialki, eta aurrerapen ikaragarria ekarri zuen bi estatuen arteko komunikazio sisteman, Madril eta Paris lotuz eliteko turismoa garatzen ari zen garai berean. Garai hartako lehen tren haiek orduko 35 kilometroko abiaduran zirkulatzen zuten, garaiko herritarrentzat benetako iraultza teknologikoa zena.
Trenbide sarearen garapen azkarrarekin batera, 1881ean Avillume ingeniariak diseinatutako tren geltoki nagusia eraiki zen Irunen, aurreko instalazio behin-behineko eta xumeak ordezkatzeko asmoz. Geltoki berri haren diseinu funtzional eta monumentala ikusirik, argi geratu zen hiriak zeukan hazkunde handinahia. Geltokiaren inguruan zama-kai zabalak, lantegiak eta bide zabalera aldatzeko ezinbesteko azpiegitura konplexuak antolatu ziren, Irun pertsonen zein ondasunen joan-etorri etengabeko leku bihurtuz. Geltoki nagusiaz gain, 1912ko abenduaren 5ean “El Topo” deritzon zabalera estuko trenbidea inauguratu zuen Sociedad de Ferrocarriles Vascongados elkarteak Donostia eta Irun artean. Bere ibilbide bihurgunetsuak tunel eta bidezubi ugari igarotzeagatik ezaguna —zortzi kilometrotan hamahiru tunel eta lau bidezubi zituen—, gaur egun Euskotren denak Bidasoko biztanleen eta inguruko industria berrien eguneroko bizitza erraztu zuen.
Hiriaren bilakaera trenbidearen bidetik
Trenarekin batera, aduanaren ezarpena izan zen Irungo hazkundearen beste zutabe nagusia. 1841ean aduana barnealdetik mugara aldatu zenetik Esparteroren agindupean, jarduera ekonomiko oso zabala sortu zen Irunen. Garraio sozietateak, komisio etxeak eta era guztietako zerbitzu osagarriak ugaritu ziren. Hasieran San Juan plazan eta ondoren Behobiako estilo neoklasikoko eraikin batean kokatu ondoren, 1883an aduana trenbide multzoaren ondoan jasotako eraikin berrira eraman zen behin betiko. Industrializazioak ere bere bidea egin zuen: aurreko muga fiskalak gainditu ondoren, hainbat enpresa ospetsu ezarri ziren hirian, aidibidez: Elgorriaga txokolate enpresa, Sancheski, CAF, Porcelanas Bidasoa edo Palmera.
Aduana eraikinak ordea, garai ilunak ere bizi izan zituen. Aduanaren atzealdean zegoen “Pequeña Velocidad” pabiloia kontzentrazio eremu gisa erabili zen 1936 eta 1942 urteen artean. Erbestealditik bueltan zetozen pertsonak “Comisión de Admisión del Puente” izenekoaren azterketa gogorra pasatzera behartuta zeuden, eta frankisten kontrola igaro ez zutenak bertan atxilotzen zituzten, ondoren beste kontzentrazio eremu batzuetara edo lan behartuko langile batailoietara bidaltzeko.
Irunen norabide ekonomikoak kolpe handia jaso zuen 1993ko urtarrilaren 1ean, Europako Batasuneko barne mugak kendu eta Merkatu Bakar Europarra indarrean ezarri zenean. Aduana jarduerari lotutako milaka lanpostu zuzen eta zeharkako galdu ziren egun batetik bestera. Erronka historiko hari erantzuteko, hiria erabat berrantolatu zen: ZAISA elkartearen bidez plataforma logistiko berriak sortu ziren, eta ekonomia merkataritzara zein kulturara bideratu zen.
Hiri egiturari dagokionez, XIX. mendearen amaieratik Colón Pasealeku nagusia, hasieran Geltoki Etorbidea deitua, eta zabalgune berria garatu ziren, burgesiaren etxeak eraikiz, garaiko arkitekturaren estiloan. Udal arkitektoen lanek, Luis Vallet arkitektoaren eraikuntzek, adibidez, Villa María Luisa bezalako eraikinen bidez edo Anaka eta Lapitzeko babes ofizialeko etxeen bidez, demografiaren hazkundeari erantzuten zion hiri paisaia berri eta arrazionalista itxuratu zuten.
Amaitzear den eraldaketa
Gaur egun, Irun beste eraldaketa historiko handi baten atarian dago Adif erakundea egiten ari den tren geltoki berriaren proiektu erraldoiaren bidez. Trenbideen gainean eraikitako eraikin moderno baten bidez, geltokiaren ingurune osoa berrantolatzen ari da, garraio jasangarria, irisgarritasuna eta hiri berroneratze integrala sustatuz. Obren lehen fasea 2024ko urtarrilean hasi zen, Aldirietako eraikin zaharra eta nasa historikoak erauziz. Modulu berriak eta eraikin teknikoak osatu ondoren, 2026ko urtarrilaren 13an lehen fasea zerbitzuan jarri zen Aldirietako trenentzat. Bigarren fasean, 5etik 12ra bitarteko bideak zerbitzuan jartzea da hurrengo urrats nagusia.
Mugarri berri horrek azpiegituraren funtzionamendua erabat berreskuratzea ahalbidetuko du, azkenaldian aldiriko eta Distantzia Ertain/Luzeko zerbitzuak eragindako kalte eta eteteak amaituz. Gainera, Hendaiarekiko nazioarteko konexio zuzenak berriro irekiko dira. Horretaz gain, geltoki berriak Abiadura Handiko Trenaren (AHT) etorrerarako prestatuta utziko du Irun, Donostiarekin batera Euskadin prest egongo diren lehen bi geltoki handiak izateko bidean. Nasa eta markesina berriek irisgarritasun eta erosotasun maila altua bermatuko diete erabiltzaile guztiei.
José Antonio Santano Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko estatuko idazkariak, zeinak Irungo alkate gisa proiektua hasieratik bultzatu zuen, azpimarratu duen bezala, “Geltoki berria mugarria izango da Irun zein Gipuzkoako mugikortasunean”. Estatuak Irunen inoiz egindako inbertsiorik handiena da hau, eta Euskal Y-a zein hiru lurraldeak lotuko dituen proiektu estrategikoaren barruan funtsezko atala dela azaldu du idazkariak. “Mende bat baino gehiagoko ibilbidearen ostean, Irunek trenaren bidez bere izaera ekintzailea, estrategikoa eta mugako lotura berretsi ditu berriro ere etorkizunera begira, gaineratu du Santanok.



