Noelia Lorenzo Pino idazlea bere bederatzigarren eleberria kaleratzear da, “La última luciérnaga” izenburupean. Bi urtez libururik argitaratu gabe egon ondoren, Donostiako Gabonetako argien pizte ekitaldian gertatutako sastakada enigmatiko baten inguruko ikerketa dakar oraingoan idazle irundarrak. Lan berri honetan orainaldia eta 80ko hamarkada nahasten dira, besteak beste, amatasunaren eta emakumeen erabakitzeko eskubidearen inguruko hausnarketa sendo bat helaraziz. Jarraian, egileak bere sormen prozesuaz, pertsonaia berriez eta literaturaren munduko erronkei buruz eskainitako elkarrizketa irakur daiteke.
Bi urte libururik argitaratu gabe egon ondoren, bazenuen berriro apaletara lan berri batekin itzultzeko gogorik?
Bai, bazen garaia, nahiz eta aurrekoaren sustapenarekin nahiko lanpetuta egon naizen, jaialdiz jaialdi, eta, aldi berean, lan berri hau idazten; beraz, ez dut astirik izan gehiegi pentsatzeko eta dena denborak aurrera egin ahala gertatu da.
Zure azken lanetan Lur eta Maddiren bizipenak partekatu ostean, kostatu zaizu pertsonaia ezagun horiei agur esatea?
Nik, egia esan, aurreko biekin jarraitzeko gogoa neukan, Macua serieko Jon Ander eta Eiderrekin gertatu zitzaidan bezala, bost atal izan baitziren elkarrekin. Hauekin antzeko zerbait gertatu zait; beraz, bai, kostatu zait alde batera uztea. Esan dezagun momentuz baztertu egin ditugula. Baina beno, argitaletxean gehiago interesatzen zitzaien eleberri independente bat; nik pertsonaia berriak sortzea nahiago zuten. Eta horrela jaiotzen da “La última luciérnaga”, komisariotza berri bat eta istorio berri bat sortuz. Eta beno, beti esaten dudana: alboratuta daude bai Lur eta Maddi, bai Eider eta Jon ere. Horrek esan nahi du ez daudela erabat baztertuta.
“Ikerketa taldeak hiru hitz horiek bakarrik izango ditu, esaldi hori soilik, nor den eta zergatik sastakatu duten jakiten saiatzeko”
Eleberri berriaren tituluari erreparatuz “La última luciérnaga” (Azken ipurtargia), zergatik dago lan berri hau hain animalia txikian zentratuta?
Bada, argiarekin zerikusi handia du. Baina beno, ezin dut benetako arrazoia jakinarazi, bestela spoiler bat egingo nukeelako. Esan dezaket eleberria Donostian gertatzen den sastakada batekin hasten dela, egun horretarako programatuta dagoen Gabonetako argien pizte ekitaldian, non jende artean emakume bati sastakada bat ematen dioten. Egoera kritikoan geratzen da. Emakumeak ez darama dokumentaziorik gainean, Taser pistola bat besterik ez du, eta anbulantzian une batez kontzientzia berreskuratzen duenean “La última luciérnaga” esaten du. Beraz, ikerketa taldeak hiru hitz horiek bakarrik izango ditu, esaldi hori soilik, nor den eta zergatik sastakatu duten jakiten saiatzeko. Eta, batez ere, zergatik daraman Taser pistola bat.
Plaza y Janés argitaletxearen eskutik argitaratzen duzun hirugarren eleberria da hau. Aurretiko esperientzia nabarituko zenuen hau lantzerakoan, ezta?
Bai, lan desberdina da, nik nire eleberrietan egin ohi ez nuen prozesu bat dagoelako argitaletxeetan; nik esaten dudan bezala, bakarrik nintzenean erditu ahala inprimategira zuzenean zihoazen, baina orain edizio hilabeteak luzeak izaten dira, gauzak iradokitzen dizkizute, zuk onartu ala ez. Zure azken hitza da balio duena eta prozesua oso desberdina da. Azala denbora gehiagorekin lantzen da, sinopsia. Bestelako modu bat. Bi moduak daude ondo, baina bai, oraingoa hirugarrena da. Eta bai, egia da gehien nabaritzen dudana ikusgarritasun jauzia dela, eleberriak liburu-denda gehiagotara iristen direlako, ale kopuru handiagoa dagoelako. Bat eta beste, gauza da zure eleberriak ordezkaritza handiagoa duela eta, beraz, errazagoa da saltzea.
“Egia da gehien nabaritzen dudana ikusgarritasun jauzia dela, eleberriak liburu-denda gehiagotara iristen direlako, ale kopuru handiagoa dagoelako”
Zure liburuetan Irungo hiriarekiko loturak topatzen ohituak dituzu irakurleak. Kasu honetan, Aia Oiasso protagonistaren izena erabili duzu horretarako.
Argi dago, bai; badakizu orain arte nire eleberri ia guztiak Irunen edo inguruan kokatzen ditudala, eta honetan Donostiara joatea apetatu zait. Hiri argitsu, kosmopolita, turismoaz itotako aire bat eman nahi nion, eta 80ko hamarkadako Donostiarekin alderatu, hura grisagoa baitzen, indarkeriaren zama sozial horrekin guztiarekin. Eta horregatik joan naiz hara, nahiz eta Irundik aldentzeak pena eman didan. Irun gainetik aipatzen da, baina ez da kokaleku nagusia. Horregatik aukeratu dut ertzainarentzat Aia Oiasso izena. Aia gure Aiako Parke Natural maiteagatik eta Oiasso gure oinen azpian dugun erromatar aztarnategiagatik, hiri honen historiaren zati bat dena.
“Horregatik aukeratu dut ertzainarentzat Aia Oiasso izena”
Eleberri beltzean ibilbide zabala egin ondoren, zaila al da ideia berriak aurkitzea?
Batez ere konplikatua da beste komisariotza bat hutsetik sortzea. Hau sortu dudan 4. komisariotza izango litzateke: lehenengoa Chamusquinakoa Gorka eta Raquelekin; bigarrena Eider eta Jonena Oiartzunen; hirugarrena Lur eta Maddirena hemen, Irunen. Beraz, berriro ere komisario bat edo beste, eta ertzain batzuk sortu behar nituela ikusten nuen, eta hori da gehien kostatu zaidana, istorioak sortzea baino gehiago, irudimen handia baitut gertakizunak asmatzeko. Berriro aurretik egindako berdina egitea da, baina pertsonaia berriekin.
Eleberrian Donostia bi garai ezberdinetan kokatu duzu, orainaldia eta iragandako 80ko hamarkada. Nola antolatu zara idazle gisa denbora erdibituta lan egiteko?
Orain arte inoiz egin ez dudan zerbait da gainera. Beti gaur egun gertatzen diren eleberriak izaten dira nireak, iraganeko pasarteren bat tartekatu arren. Eleberri berri honek kapitulu erdiak iraganean eta beste erdia orainaldian dauzka, eta erronka bat izan zen niretzat. Denbora garai ezberdinak tartekatzen dira etengabe. Egiten nuen bitartean pentsatzen nuen: nola amaituko da hau? Ondo aterako ote da? Niretzat ariketa bat izan da, bai eta asko gozatu dudan erronka desberdin bat ere aldi berean. Eleberriaren erdia polizietan pentsatu gabeko istorio bat da, eta beste erdia ikerketa da. Horretarako, lan egiterakoan, lehenengo istorio guztia idatzi dut eta gero ikerketa txandakatu dut.
“Niretzat ariketa bat izan da, bai eta asko gozatu dudan erronka desberdin bat ere”
Eleberri beltza izan arren, beste gai batzuk ere nahasten dituzu, hala nola, amatasuna.
Ustekabean esan dezakegu, Aia, 43 urteko emakume bat, gau ero baten ostean eta antisorgailuak tarteko, bat-batean haurdun aurkitzen da, haurdunaldia bilatu gabe. Gertatutakoa gau hartan berekin oheratutako pertsonari kontatzen dio, eta hark ez dio sinesten. Zalantzan jartzen du bera izatea aita, eta pentsatzen du: “auskalo zenbatekin oheratu ote den…”, eta bere nahi bakarra da Aiak abortatzea. Modu honetan, mahaigaineratzen dut haurdunaldien gaia eta emakumeok gure amatasunari buruz erabakitzeko dugun eskubidea, eta oso garrantzitsua iruditzen zait. Beraz, orainaldia erabiltzen dut eskubide horiek gaur egun nola dauden erakusteko, eta oraindik emakumeak epaitu egiten gaituztela abortatzea edo ez abortatzea erabakitzen dugunean. Eta bide batez, atzerako begirada bat egiten dut, ariketa bat, iraganean antzeko zerbait gertatu zelako eta orduan, abortatzea aukera ez zenean, egoera nolakoa zen alderatzen dut.
Hori guztia Donostiako Gabonetako Argien Pizte Ekitaldiaren erdian gertatzen da, magia krimenaren agertoki batekin nahastuta.
Kasu honetan bai, sastakatze hori hasieratik nuen garbi, eta berehala jakin nuen Donostian izan behar zuela. Izan ere, leku aproposa da, non, sastakada baten ondoren, erasotzaileak edo erasotzaileek ihes egin dezaketen, ikusiak izan gabe. Horrela bururatu zitzaidan ehunka pertsona biltzen diren ekitaldi batean izan behar zuela. Eta orduan esan nuen: bada, begira, Gabonetako argien gaia zeharo modan dagoenez —ia hirien arteko lehiaketa bat da—, ideia ona da ipurtargien argiarekin lotura bat egiteko. Eta beno, gustatu zait koloreen, argiaren, ilusioaren eta odolaren nahiz armen arteko kontraste hori.
“Oso exijentea iruditzen zait urtero liburu bat argitaratzea eta hori sustatzea”
Eleberria urriaren 22an argitaratuko da. Nola pentsatzen duzu ematea ezagutzera lan berri hau?
Bada, genero beltzeko lau jaialdi ditut itxita horietan parte hartzeko: Gasteizkoa (Negrasteiz Beltz Festibala), Bizkaikoa (Bruma Negra), Alacantekoa ere badut (Alicante Noir), eta Getafekoa ere bai (Getafe Negro). Eta gainera aurkezpen bat egin nahi dut Irunen, Donostian, Iruñean eta Bilbon gutxienez. Momentuz hori aurreratu dezaket.
Nola bizi ohi duzu zure eleberri berrien kaleratze eguna? Ba al duzu erritual jakinen bat egun horretarako?
Bada, agendaren arabera, batzuetan lehenagotik deitzen hasten zaizkizulako eta prentsa elkarrizketak programatuta dituzulako. Ohikoa da goiz horretan hedabide askok deitzea. Gero badira beste batzuk bidaian harrapatu nautenak; adibidez, aurten bezperan harrapatuko nau, kide baten lana aurkezten. Egun hori, urriaren 22a, libre dut momentuz, baina hurrengo egunean Getafera bidaiatzea tokatuko zait, Vallecasen irakurketa klub bat dudalako programatuta, beraz ez dakit nolakoa izango den oraingoan. Aurten ez dut egiteko zehatzik, esaten dizudan bezala, agendak markatzen du pixka bat.
Idazlearen bizitzan errutina errealitatearen parte da? Askok pentsa baitezakete sormenak ez duela ordutegi zehatzik jarraitzen.
Badut, badut. Nire senarrak arratsaldez egiten du lan, gitarra irakaslea da, eta beraz, bere ordutegia izan ohi dut. Bera atetik ateratzen denean ni ordenagailuan esertzen naiz eta horrela ordu libre berdinak ditugu.
Hau zure lehen argitalpena ez izateak, lasaitasuna ematen dizu ala presioa eragiten dizu?
Beldurra ematen du, ezta? Gaur egun argitaratzen diren hainbeste eleberrirekin gauza eroa da. Irail honetan uste dut 40 thriller argitaratzen direla eta urrian beste hainbeste; gehiegi da. Beraz, pentsarazten dit nik bi urte daramatzadala argitaratu gabe eta agian irakurleak nitaz ahaztuko zirela. Hala ez izatea espero dut. Bai, batzuetan beldurra ematen du eta bai, badago presio bat. Badira urtero argitaratzen duten autoreak. Nik uste dut nire eleberriak gehiago landu behar ditudala, lasaitasunez hartzeko. Oso exijentea iruditzen zait urtero liburu bat argitaratzea eta hori sustatzea.
“100 orrialde daramatzat eta ikusiko dugu nola amaitzen den bidaia hau, ez baitakigu inoiz zer gertatuko den”
Atseden tarte horretan “Los lobos de Urrun” entzunezko liburua sortu duzu. Esperientzia horren ondoren, non sentitzen zara erosoago, irakurleen edo entzuleen artean?
Asko gustatu zait, benetan gozatu egin dut. Azkenean, nik eleberri bat idatzi nuen; kontuan hartu nuen gauza bakarra izan zen narratzailearen oharra ez zela hain beharrezkoa, adibidez, pertsona batek oihu egiten badu ez baitago jarri beharrik “oihu egin zuen”, pertsonaiak berak oihu egingo duelako. Beraz, entzunezko liburu bat idaztean narratzailearen ohar horiek ez dira beharrezkoak, zinematografikoagoa da idazketa eta asko gozatu dut. Oso ondo joan da. Gainera, hilabetez gehien entzundakoen artean egon zen eta oso esperientzia ona izan da. Teorian ingelesez ere aterako da aurten edo hurrengoan, baina beno, oraindik zain nago.
Eta azkenik, etorkizuna irudikatuz, zeintzuk dira zure planak?
Dagoeneko zerbait berria dut gogoan. Pixka bat urrunduko nintzateke polizia eleberritik, orain aurkeztuko dudan lanean bezala, erdibidean baitago hori ere. Sortzen ari naizen lan berria thriller bat izan dadila, krimen bat egon dadila, baina baita lehen pertsonan kontatutako istorio bat. Dagoeneko idazten ari naizela esan dezaket. 100 orrialde daramatzat eta ikusiko dugu nola amaitzen den bidaia hau, ez baitakigu inoiz zer gertatuko den.
Noelia Lorenzo Pino
Noelia Lorenzo Pino (Irun, 1978) mozketa eta jantzigintzako irakaslea da trebakuntzaz, eta modaren munduan aritu zen literatura profesionalki idazten hasi aurretik. Chamusquina (2013) eleberriarekin ekin zion ibilbideari, eta ondoren hainbat lan argitaratu ditu, tartean Cubelles Noir saria irabazi zuen “Corazones negros” eleberriarekin eta Alicante Noir saria “Animales heridos” lanarekin. Argitalpen nagusiez gain, umeentzako Ane eta Moon bildumako lau ipuin idatzi ditu euskaraz. Gaur egun bere bederatzigarren eleberria den “La última luciérnaga” aurkeztear da.



