Nagusilan adinekoen boluntariotza-elkarteak, Irungo Udalarekin eta Kutxa Fundazioarekin elkarlanean, “Dei solidarioen sprint” izeneko ekimena antolatu du datorren urriaren 23rako Palmera Montero Gunean. Jardunaldia ‘Zilarrezko Haria’ (Hilo de Plata) doako zerbitzuaren inguruan ardaztuko da; egitasmo horrek nahi gabeko bakardade egoeran dauden adinekoei telefono bidezko laguntza eta konpainia ematea du helburu nagusi.
Goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean, lau orduz jarraian eta etenik gabe, dei solidarioak egingo dira Palmera Monterotik 900 713 771 doako linea erabiliz. “Zure bizitza aldatzen duten deiak daude” eta “Zatoz eta ezagutu gaitzazu!” leloekin, ekimenak ateak irekiko dizkie herritar guztiei, boluntarioen lana bertatik bertara ezagutu eta gizarte-eraldaketaren parte izan daitezen.
Gainera, antolatzaileek herritarren lankidetza eskatu dute laguntza hori behar izan dezaketen herritarrak identifikatzeko. Inguruan bakarrik bizi den edo babesa behar duen adinekoren bat ezagutuz gero, elkarteari haren berri emateko eskatu dute, lantaldea haiekin harremanetan jarri eta telefono bidezko konpainia-zerbitzua eskaini ahal izateko.



