Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) urrats nabarmena egin du bere kudeaketa-ereduan, Euskaliten Kudeaketa Aurreratuaren Brontzezko A lortuta. Aurretik lau aldiz Kudeaketa Aurreratuaren Diploma eskuratu ostean (2016, 2019, 2021 eta 2023 urteetan), Bidasoko erakundeak beste maila bat lortu du, eta Gipuzkoako lehen kirol-kluba bihurtu da bereizgarri hori eskuratzen. Euskal Autonomia Erkidego osoan, gainera, beste kirol-erakunde bakar batek du aitortza entzutetsu hau. Sari banaketa ofiziala abenduaren 17an egingo den ekitaldian gauzatuko da.
Aitortza hau lortzeko bidean, joan den uztailean Euskaliteko hiru ebaluatzailek hiru saio egin zituzten klubean bertan, erakundearen kudeaketa-sistemak, prozedurak eta informazio osoa zehatz-mehatz kontrastatzeko. Eusko Jaurlaritzak EUSKALITen bitartez ematen duen Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Sariak praktika eredugarriak dituzten eta beren interes-taldeen —erabiltzaileak, pertsonak eta gizartea oro har— gogobetetze orekatua bilatzen duten eragileak saritzen ditu, lehiakortasuna eta etengabeko hobekuntza bultzatuz. Ebaluazio Kluba modu altruistan aritzen diren 1.500 zuzendari eta teknikarik baino gehiagok osatzen dute.
Bidasoa Atletiko Taldea irabazi-asmorik gabeko kirol-kluba da, eta eskualdean atletismoa hedatzeaz gain, herritar guztiei zuzendutako jarduera fisikoa bultzatzea du helburu, betiere genero-berdintasuna eta aukera-berdintasuna oinarri hartuta. Kudeaketa Aurreratuaren Eredua erreferentetzat hartuta lortutako sari berri honek berretsi egiten du klubak hazten jarraitzeko eta bere prozesu guztietan kalitate gorena bilatzeko duen konpromiso sendoa.



