Irungo CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroak Jon Plazaola aktore eta umoregilearen ‘AA Aita’ ikuskizun berria hartuko du gaur, urriak 16, arratsaldeko 20:00etan. Euskaraz eskainiko den emanaldi honetan, sortzaileak aitatasunaren nondik norakoak eta azken bi urteetako pasadizoak partekatuko ditu publikoarekin modu ireki eta umoretsuan. Sarrera orokorra 10,25 euroan dago eskuragarri, eta hobariduna, berriz, 7,20 euroan.
Plazaolak bere lehen semea jaio eta hiru egunera estreinatu zuen bere aurreko bakarrizketa, ‘Tu-Tum; Platz!’, aitatasun bajari muzin eginez. Bi urteko bira arrakastatsu haren ondoren, apur bat gora etorrita eta oraindik ere aitatasun “altan” jarraitzen duela aprobetxatuz, lan berri hau prestatu du Euskal Herriko ikusleen gozamenerako. Berak argitu duen moduan, azken bi urte hauetan aitatasunak eman dion guztia partekatu nahi izan du; esperientzia onak azaldu eta, batez ere, “oinazea monetizatu”.
Emanaldian zehar, aitatasuna ardatz eta aitzakia gisa erabiliko du patetismo eta ergelkeria propioaz aritzeko, baina bereziki gainontzekoen patetismoan eta ergelkerian sakontzeko. Plazaolak aurreratu duenez, “egun guztian esertzeko denborarik ez duela uneoro errepikatzen badu ere, zutik arituko da ikusleen aurrean”. Sortzaileak argi utzi du ikuskizunak ez duela ikusleak etxera hausnarketa sakonekin joaterik bilatzen, helburu nagusi eta bakarra “parre egitea” baizik.



