E
Paper zuriaren eta gelaxka beltzen artean ezkutatzen diren hizki gordeen puzzlea. Duela bi hamarkada pasatxo, euskarazko hitz gurutzatuekiko zaletasuna txapelketa bihurtu zen Irunen. Horrela jaio zen, 2007an, LUMA taldearen eskutik, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Lehenengo Txapelketa. Aurtengoa txapelketaren 11. edizioa izango da eta azaroaren 21ean jokatuko da Irungo Palmera Montero zentroan, hitzak josiz jolastera ausartzen direnei horretarako aukera jostagarria eskainiz.
Txapelketa 2007an abiatu zen eta, gorabeherak gorabehera, hirian finkatutako hitzordu bihurtu da gaur egun. Hastapenetatik Joxan Elosegi irundarra aritu da hitz gurutzatuen prestaketa lanetan, gaur egunera arte: “Bagenekien beste lekuetan horrelako txapelketak egiten zirela eta pentsatu genuen egokia izango zela gurean ere horrelako zerbait egitea”. 2015ean aldiz, txapelketaren antolaketan geldialdia etorri zen eta hainbatek amaiera zela uste bazuten ere, gaur egun aro berri baten lekuko da Irun. Duela bi urte Aitzondo Irungo Euskara Taldeak lekukoa hartu zuenetik, txapelketak indar berrituz eusten dio egutegiko hitzorduari azaroan, Beñat Muguruzak azaldu duenez.
Hasierako izpirituari eutsiz
Joxan Elosegi hitz gurutzatuen sortzaile irundarra txapelketaren lehenengo egunetik egon da egitasmo honen bihotzean. Bera izan da, eta gaur egun ere bada, lehiakideek ebatzi beharreko taula guztiak prestatzeko arduraduna. “Txapelketaren lehen ediziotik proba guztiak egun bakarrean bildu genituen eta oraindik ere halaxe da”, azaldu digu Elosegik. Lehen edizioaren data zehatza buruan ez badu ere, Joxan Elosegik argi du 2007ko larunbat goiz batez izan zela eta txapelketa bere sorreratik, “de facto”, Euskal Herri mailako txapelketa bihurtu zela, sortzen lehenengoa izan baitzen. Lehen edizio haiek gogoratzean, ilusioa eta zalantza aipatzen ditu: “Ez genekien zenbat jendek erantzungo zuen, baina Luma aldizkarian 700-800 harpidedun genituenez, pentsatu genuen jendea inguratuko zela”. Hain zuzen ere, lehen edizioan parte hartzaileak 28 inguru izan zirela gogoratzen du hitz gurutzatuen sortzaileak.
“Txapelketaren eskema gutxi gorabehera berdina izan da hasieratik gaur egunera arte, guztira, 3 edo 4 probarekin”
Joxan Elosegi, txapelketan hitz gurutzatuen sortzailea
LUMA taldeak 2015ean hitz gurutzatuen lehiari atseden eman ostean, Aitzondo Euskara Taldeak berreskuratu zuen lehiaketa. Beñat Muguruza, Aitzondoko kidea, pozik agertu da hartutako konpromisoarekin eta erantzunarekin: “Lekukoa nahiko modu naturalean hartu genuen, Joxanek berehalakoan baiezkoa eman ez zigun arren, ezaugarri duen bere estiloari eutsiz”. Aurtengoa Aitzondo taldeak antolatutako hirugarren edizioa izango da. Muguruzak azpimarratu digunez, prestakuntza lanekin erraz moldatzen dira, Joxanek sortzen baititu probak eta hori da txapelketaren zailtasunik handiena. “Gu informazio mezuak bidaltzeaz, aurkezpen prentsaurrekoak egiteaz eta antolaketa kudeatzeaz arduratzen gara, jendearen parte-hartzea errazteko”.
Elosegiren hitzetan, lehiaketaren data iritsi baino bi hilabete lehenago edizio berriko probak zeintzuk izango diren zehazten da: “Txapelketaren eskema gutxi gorabehera berdina izan da hasieratik gaur egunera arte, guztira, 3 edo 4 probarekin”. Zehazki, aurtengo edizioak 4 atal izango ditu, hainbat berritasun tarteko. “Txapelketaren goizak ez du askorako ematen, joko eta zuzenketen lana eskatzen dutelako”, azaldu du Joxan Elosegik.
Txapelketaren parte-hartzea handitzeko ahaleginean, Beñat Muguruzak azaldu du iaz zerbait berezia egin zutela. Izan ere, “Egunean Behin” aplikazioan txapelketaren berri emateko joko bereziak prestatu zituzten. “Pentsatzen genuen horrek partehartzaileen igoera handia ekarriko zuela, baina ez zen hala izan”, erantsi du Aitzondoko kideak. Euskara taldeak antolatutako azken edizioetako bakoitzean 30 lehiakide inguru erakarri izan dituzte. Muguruzak aipatu duenez, “topikoa dirudi, baina Euskal Herri osotik etortzen da jendea lehiaketan parte hartzera”.
Profilari dagokionez, denetarik dagoela azaldu du Muguruzak: bada inguruan bizi den jendea delako gerturatzen dena; urteen poderioz sortutako komunitatearen parte dena; eta badira ere dena emateko prest eta txapelketa irabazteko asmoarekin hurbiltzen direnak, intentzio hori onartu ez arren. “Orokorrean, euskara ezagutzen duen eta hizkuntzarekin abila den jendea izaten da”, gaineratu du Beñat Muguruzak. Beraz, parte hartzeko, jokoan oinarrizko mailarik behar ez den arren, irabazteko ezinbestekoa da ezagutza zabala, hitz gurutzatuetan oso abila denak lortuko baitu soilik txapela. Izan ere, Joxan Elosegik azaldu duenez, txapelketako definizioak eta azalpenak, aldizkarietan azaltzen diren hitz gurutzatuekin alderatuta, bestelakoak izaten dira; ez dira hain zuzenak: “hizkera enkriptatuagoa da, beraz, lehiakideak buruari eragin behar dio”.
XI. edizioaren berritasunak
Aurtengo edizioak egitura berritua izango du. Goizeko 09:00etan hasita, lehiakideek hiru proba gainditu beharko dituzte finalera iritsi nahi badute. Lehen bi saioetan inor ez da kanpoan geratuko eta Joxan Elosegiren hitzetan “proba nahiko txikiak izango dira”. Hasierako proba 10 x 10 laukiko taula samurra izango da eta atal horretan, berritasun gisa, ez da denbora neurtuko, akatsak eta zuzentasuna baizik. Joan-jina, txapelketako bigarren proba berriz, aurtengo berrikuntza nagusia da. “Ez da izango ohiko hitz gurutzatu edo hitz gezidun klasikoa; espiral formako joko berezia izango da”. Bertan, norabide ezberdinetan irakurtzen dira hitzak. Hirugarrena finalaurreko 12 x 12 laukiko taula, kanporaketa proba izango da eta bertan erabakiko dira hiru finalisten izenak.
“Topikoa dirudi, baina Euskal Herri osotik etortzen da jendea lehiaketan parte hartzera”
Beñat Muguruza, Aitzondo Irungo Euskara Taldeko kidea
Finala izanen da, zalantzarik gabe, une ikusgarriena, aurten ere berrikuntzak dakartzana. “Aurreko proba guztiak mahaian jokatzen dira, publikorik gabe, baina finala beti jendaurrean egiten dugu, irekian”, azaldu du Elosegik. Hiru lehiakidek soilik hartuko dute parte, jendaurrean, laukiko panel handietan. Zaratak eraginik ez izateko, kasko bereziak jantziko dituzte. Tarte horretan, gainerako ikusleek aretoan bertan taula bera erantzuten saiatuko dira, giro lasaian eta elkarrekin iritziak trukatuz. Beñat Muguruzak aipatu duenez, “ohituta ez dagoenarentzat, harrigarria izan daiteke finalistak paneletan nola lehiatzen diren ikustea, ariketa publikoa izango baita azkenekoa”.
Festa ez da finalean amaitzen

Eguna borobiltzeko, txapelketan parte hartu eta lehia beste aldetik bizi izan dutenek Bidasoako EKT elkartean bazkaltzeko aukera izango dute. Izan ere, txapelketan sailkatutako lehenengo 10 lehiakideek bazkaria doan izango dute. “Egun polita izaten da eta jendea nahiko gustura itzultzen da etxera, beraz, probatzen duenak errepikatu egiten du”, azpimarratu du Beñat Muguruzak. Bazkalostean, Irunabarreko bertsolariek Irungo Bertso Zaharrak emanaldi berezia eskainiko dute, hitzen festa kantu artean ixteko. Emanaldi hori bertara hurbildu nahi den edonorentzat dago irekia. “Bertsozaleak direnek, ezusteko handia hartuko dute bertso horiek aurkezteko ekitaldian; bertso asko ezezagunak baitira eta ezagutzea merezi du”, ziurtatu du Joxan Elosegik.
Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen XI. Txapelketan izena emateko epea azaroaren 20ra arte dago zabalik eta txapelketaren webgunearen bitartez egin beharko da. Horrela, hizkuntzarekin jolasteko eta egun eder bat pasatzeko gonbidapena egina dago Irunen.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



