Dory Lansorenak «Si puedes oírme» poema-liburua aurkeztuko du ostiralean Dunboa liburutegian

Irungo Dunboa liburutegiak Dory Lansorena idazlearen «Si puedes oírme» poema-liburuaren aurkezpena hartuko du datorren ostiralean, azaroak 6, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Topaketa poesiara hainbat ikuspegitatik hurbiltzeko pentsatuta dago, hitz idatziaz gain ahotsa, musika eta emozioak uztartuz. Ekitaldian zehar, egileak liburuaren sorreraz eta sormen-unibertsoaz hitz egingo du, bere idazkera zerk bultzatzen duen azalduko du eta bildumako zenbait poema errezitatuko dizkie bertaratutakoei.

Aurkezpenak ekitaldi honetarako propio prestatutako une musikal berezia izango du: Idoia Arteaga Garmendiak eta Juan Ángel Sotelo Brunek liburuko poema baten egokitzapen musikala taularatuko dute ahots eta gitarraz. Arteagak, Mocedades musika-taldeko abeslari ohiak, ekitaldia aurkezteaz eta gidatzeaz gain olerkiari ahotsa jarriko dio; Sotelo Brunek, aldiz, gitarraz lagunduko du kanta, eta baita Lansorenaren errezitaldia ere. «Si puedes oírme» lanak maitasuna, galera, memoria, dolua, bizitza, itxaropena eta berreraikitzea jorratzen ditu, barne-emozioen aterpe gisa.

Bestalde, ekitaldiak tarte labur bat gordeko du Lansorenaren «El tren de los Sueños» haur-literaturako egitasmoari begiratzeko. Horrela, idazleak haurtzarora, irudimenera eta amets egiteko gaitasunera irekitako leihoa erakutsiko dio publikoari, bere idazle-ibilbidearen beste alderdi bat ezagutarazteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude