Irungo Udaleko Kirol zerbitzuak jakinarazi du gaur, asteartea, azaroak 3, zabaldu dela herrian erroldatutako familiek udal-kiroldegietara sartzeko dirulaguntzak eskatzeko epea. Eskaerak aurkezteko aukera datorren azaroaren 12ra arte (osteguna) egongo da indarrean.
Deialdi honen bidez, ordainketa-kuotaren % 75eko edo % 25eko diru-laguntzak eskainiko dira, eskatzaileen bizikidetza-unitatea osatzen duten kide kopuruaren eta urteko gehieneko errentaren arabera, besteak beste. Diruz lagundu daitekeen zati bakoitza eta onuradun izateko gainerako baldintza guztiak udalaren webgunean kontsulta daitezke.
Diru-laguntzen eskaera
Izapidea bideratzeko Irun Txartela eta dirulaguntza jasotzeko banku-kontu bat (20 digitu edo IBAN kodea) izatea ezinbestekoa da. Prozesua errazteko asmoz, ez da beharrezkoa izango eskabidearekin batera agiri edo dokumentazio gehigarririk aurkeztea.



