FICABek 26. edizioa beteko du Irunen, 24 filmekin eta 500 ikasle baino gehiagorekin

Irun zinema arkeologikoaren topagune nagusi bihurtuko da berriz ere azaroaren 16tik 21era, FICAB Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren XXVI. edizioarekin. Duela 26 urte hirian bertan sortu zenetik, jaialdia erreferente bilakatu da arkeologia ikus-entzunezkoen bidez zabaltzeko eta dibulgazio zientifikoa modu erakargarrian gizarteratzeko. Aurtengo deialdiak nazioarteko oihartzun zabala izan du: guztira 60 lan jaso dira Frantziatik, Espainiatik, Italiatik eta Txiletik, eta horietatik 24 hautatu dituzte sail ofizialean lehiatzeko.

Cristina Laborda Irungo alkateak azpimarratu duenez, ekimenak erakusten du hiriak sustatutako kultur proiektuek nazioarteko proiekzioa, kalitatea eta nortasun propioa dutela, herritarrei iraganeko historia modu zirraragarrian hurbilduz.

Edizio honetako berrikuntza esanguratsuenetako bat gazteen parte-hartze errekorra da: 500 ikasle baino gehiagok hartuko dute parte Hezkuntza Sailean, eta lehenengo aldiz Donostiako zein Orioko ikastetxeetako ikasleak batuko zaizkie eskualdekoei. Jaialdia azaroaren 16an hasiko da Amaia Kultur Zentroan, Javier Truebak eta Gabriela Villeccok zuzendutako El valle de los neandertales filmarekin (bi egileak bertan izango dira). Emanaldi honek irisgarritasuna bermatuko du, ONCEren laguntzari esker AudescMobile aplikazioaren bidezko doako audiodeskripzio-zerbitzua eskainiko baita. Zikloa azaroaren 21ean amaituko da sari-banaketarekin eta “En busca del fuego” film klasikoaren proiekzioarekin. Aretoaz gain, lehiaketako lan guztiak doan ikusi ahal izango dira aste osoan zehar Festhome plataforman, eta egitarau osoa berritutako webgunean kontsulta daiteke.

Epaimahia eta sariak

Epaimahaia ikus-entzunezkoen eta arkeologiaren arloko adituek osatuko dute, Lourdes Herrasti buru dela (Cuelgamuros haraneko gorpuzkiak berreskuratzeko proiektuko arkeologia-taldearen zuzendaria). Taldean arituko dira, halaber, Beatriz Agramonte (Salamancako eta Zaragozako unibertsitateetan Artearen Historian eta Humanitateetan aditua), Valentina Porcheddu (Bordeaux Montaigne Unibertsitateko Antzinako Historiako doktorea eta kazetaria), Giorgio Studer (espeleologoa eta foru aldundiko departamentuko arduradun ohia) eta Mertxe Urteaga (arkeologoa eta foru aldundiko Ondare Historiko-artistikoko Zerbitzuko kidea).

Epaimahaiak Zinemaldiko Sari Nagusia (2.000 euro) eta Hezkuntza Saileko Saria (750 euro) erabakiko ditu; horiekin batera, Ikusleen Sari Berezia (1.000 euro), Genero-ikuspegiko EITB Saria (1.000 euro) eta Arkeolan Dibulgazio Zientifikoko Saria (ordainsari ekonomikorik gabea) banatuko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude