Recicla Birziklatu elkarteak kosmetika naturaleko tailer bat antolatu du martxoaren 13rako, datorren asteazkenerako. Tailerra Ficoba erakustazokako areto batean egingo da goizeko 9:30etik 12:30era. Interesa dutenek edo bertan parte hartu nahi dutenek @laida_3r kontura idatzi beha dute ekintzan izena emateko. Tailerrean parte hartzeko 20 euro ordaindu beharko dira.
Laida Rodriguezek eta Rut Martinek gidatutako tailerra izango da. Bertan parte hartzaileek beren kosmetikako produktuak sortzen ikasiko dute. Horrela, kosmetikoen sorreran erabilitako osagaiez jabetzeaz gain, kosmetika produktuek ekosisteman duten eragina murriztea lortuko da. Beraz, tailerrean zero hondakin sortzen dituzten kosmetika produktu ekologikoak eta naturalak sortuko dituzte, testura eta usainekin jolastuz. Era berean, formula bat eta bestearen artean parte hartzaileak kafe eta hamaiketako txiki batez gozatzeko aukera izango dute.
Kosmetika komertziala
Recicla Birziklatu elkartetik kosmetika komertzialeko produktuek eragiten duten kutsaduraz eta horien osagai ezezagunez ohartarazten dute. Izan ere, marka komertzialetako kosmetiko konbentzionalak toxikoz beteta daudela baieztatu dute eta organismoari kalte egiteaz gainera, itsasoko ekosistemak kutsatzen dituztela salatu dute elkarteko kideek. Gainera, toxiko horiek guztiek larruazalean eta organismoan eragina izan dezaketela ohartarazi dute.



