Irungo Udaleko Kultura zerbitzuak, Oiasso Museoaren bitartez, Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren (FICAB) edizio berria martxan jarri du. Aurten 26. urteurrena beteko duen jaialdiak uztailaren 15era arte jasoko ditu lehiaketan parte hartu nahi duten ikus-entzunezko lanak. Arkeologia zinemaren hitzordu nagusia azaroaren 16tik 21era bitartean egingo da Irunen.
Parte hartzeko baldintzak
Zinemaldia mundu osoko egile, erakunde publiko zein pribatuei irekita dago. Edukiari dagokionez, arkeologiarekin zerikusia duten lanak onartuko dira: dokumentalak, fikziozko filmak, erreportajeak edota ikerketa-lanak, betiere arkeologia, etnoarkeologia edo ondarearen kontserbazioa ardatz badute.
Lanak formatu digitalean aurkeztu behar dira (WeTransfer, Dropbox, Drive edo antzekoen bidez) ficab.oiasso@irun.org helbidera bidalita, edota Festhome plataformaren bidez. Oinarri zehatzak eta izen-emate orriak FICAB eta Oiasso Museoaren webguneetan daude eskuragarri.
Zinemaldiak hainbat sari banatuko ditu kategoria desberdinen arabera: Zinemaldiaren Sari Nagusia (2.000 euro), Publikoaren Sari berezia (1.000 euro), genero-ikuspegia sustatzea helburu duen EITB saria (1.000 euro), Hezkuntza Atalaren saria (750 euro) eta, azkenik, zientzia-dibulgazioa aitortzen duen Arkeolan saria, azken honek diru-hornidurarik ez duen arren.



