Ficobak Ficoauto azokaren edizio berria hartuko du asteburu honetan, azaroaren 13tik 15era bitartean. Gipuzkoako erabilitako autoen azoka erreferenteak lurraldeko kontzesionario nagusiak elkartuko ditu Irunen, eta, beste behin ere, eskualdeko automobilgintzaren erakusleiho handiena bilakatuko da poltsiko guztietarako aukerekin. Guztira, 30 marka ingururen 1.000 ibilgailu jarriko dira ikusgai erakustazokako hiru pabiloietan eta kanpoko erakusketa-eremuan.
Erakusketak segmentu guztietako modeloak bilduko ditu: hiri-auto txikiak, SUVak, berlina handiak eta presentzia gero eta handiagoa duten crossoverrak. Aukeren artean, bereziki nabarmenduko dira ia berriak diren modeloak —0 kilometrokoak, DEMO ibilgailuak eta zuzendaritzakoak—, baita bigarren eskukoak eta rentingetik datozenak ere, autoa berritu nahi dutenei eskaintza interesgarria eginez.
Berrikuntzen erakusleihoa
Aurtengo berrikuntzen artean Txinako taldeen automobilgintza-marka berrien etorrera dago (GWM, Leapmotor, Lepas, Zeekr eta Geely), elektrifikazioaren arloko azken proposamenekin. Era berean, ibilgailu elektrifikatuek (hibridoek eta elektrikoek) protagonismo berezia hartuko dute, ohiko gasolina eta diesel propultsioekin batera aukerak alderatzeko aukera emanez.
Azoka ostiralean, azaroak 13, zabalduko da 16:00etatik 20:00etara. Larunbatean, hilak 14, goizeko 10:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta igandean, hilak 15, ordutegia 10:00etatik 19:00etara izango da. Bertaratzen direnek sarrera eta aparkalekua doan izango dituzte, eta garraio publikoan hurbildu nahi dutenek Euskotrenen Irun-Ficoba geltokia erabil dezakete azoka-esparrura zuzenean iristeko.



