Plaiaundi LHIIk bere bigarren bizikleta-estalpe jasangarria inauguratu du gaur goizean Irunen, Bidasoa LHIIko Instalazioa eta Altzari Hornikuntzako zikloko ikasleek eraikia. Ekimen honek 2024an hasitako elkarlanari jarraipena ematen dio, bi Lanbide Heziketako zentroen arteko lankidetza eta hezkuntza aplikatu zein jasangarria indartuz. Inaugurazio-ekitaldian Maialen Lopez Plaiaundiko zuzendari exekutiboak, Aimar Guzón zuzendari operatiboak eta Josu Salegi Bidasoa LHIIko irakasleak hartu dute parte, proiektua egia bihurtu duten ikasleekin batera.
Azpiegitura berriak material eta soluzio ekologikoak lehenesten ditu. Izan ere, Aiako Harria ingurutik eta Nafarroako basoetatik ekarritako zero kilometroko alertze-egurrarekin eraiki dute, ikasleek berek Bidasoako tailerretan egur laminatua fabrikatzeko eta egitura aurrez muntatzeko prozesua burutu ondoren. Horrez gain, estalpeak sabai berde bat eta euri-ura biltzeko 1.000 litroko edukiera duen depositua ditu; jasotako ur hori Plaiaundiko berdeguneak eta landareak ureztatzeko erabiliko da, baliabide naturalen aprobetxamendu zirkularra bultzatuz.
Aimar Guzónek adierazi duenez, proiektu hau Plaiaundik bere kanpo-espazioak inguruko paduren ekosistemarekin lotzeko abiatutako estrategiaren barruan kokatzen da, ingurunearekiko errespetua eta mugikortasun jasangarria ardatz hartuta. Aldi berean, ikasleentzat «bereziki aberasgarria» izan da gelan ikasitakoa benetako behar bati erantzuten dion proiektu erabilgarri batean aplikatu ahal izatea. Bi ikastetxeetako arduradunek elkarlan honen emaitza positiboak nabarmendu dituzte, eta aurrerantzean ere antzeko ekimen partekatuak garatzen jarraitzeko asmoa berretsi dute.



