Ohiturak mantenduz, Euskadiko saltoki gehienek urtarrilaren 7an eman diote hasiera neguko beherapen garaiari. Nahiz eta 2012ko Real Dekretuaren bidez beherapenak liberalizatu ziren —dendariek urteko edozein egunetan deskontuak egiteko aukera dutelarik—, merkatariek, Gabonak amaitu ostean, merkealdiak hasteko ohiturari eusten diote oraindik.
Kontsumitzaileak
ACUBI (Bidasoko Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkartea) elkarteak gogorarazi du beherapenek prezioari eragiten diotela, baina sekula ez produktuaren kalitateari. Beherapenetan saltzen diren produktuek ezin dute akatsik izan, ezta hondatuta egon ere; izan ere, egoera txarrean dauden artikuluak “saldo” edo “likidazio” gisa saldu behar dira, ez beherapenetan.
Erosketa seguru bat egiteko, kontsumitzaileek alderdi hauek hartu behar dituzte kontuan:
- Etiketak eta prezioak: Artikulu bakoitzak aurreko prezioa eta beheratutakoa (edo aplikatutako ehunekoa) erakutsi behar ditu.
- Ordainketa txartelarekin: Saltokiek uko egin diezaiokete txartelarekin kobratzeari beherapenetan, baina hori argi eta garbi iragarri behar dute ikusteko moduko leku batean.
- Bermeak: Legezko bermeak ez dira aldatzen: bi urteko bermea dute produktu berriek eta urtebetekoa bigarren eskukoek.
- Tiketa gordetzea: Funtsezkoa da erosketa-tiketa gordetzea, edozein erreklamazio egin ahal izateko.
Itzulketak eta erosketa-txartelak
Garrantzitsua da jakitea merkataria ez dagoela behartuta dirua itzultzera edo produktua aldatzera, artikulua akastuna ez bada. Hala ere, establezimendu askok aldaketak onartzen dituzte sustapen gisa. Kasu horietan, ohikoa da diruaren ordez “erosketa-txartel” bat (vale) ematea. Txartel hauek muga-klausulak izan ditzakete, adibidez, erabili ahal izateko epe jakin bat.
Azkenik, ACUBIk gogorarazi du zentzuz jokatzea dela onena: aurrekontu bat finkatzea, beharrezko produktuen zerrenda egitea eta kalitatea ondo egiaztatzea erosketarekin asmatzeko.



