Aduana zaharraren eraikina berritzeko obren kontratazioa onartu da

Tokiko gobernu-batzordeak gaurko bilkuran onartu du Aduana zaharraren eraikinari dagokion obren kontratazioa. Hondakinak erretiratu ostean, Aduana zaharraren eraikinaren egiturak, estalkiak eta fatxadak birgaitzean oinarrituko da lehen fase hau. Lanen guztizko kostua 2,5 milioi euro izango da, eta obrak bukatzeko epea, urtebetekoa.

Irungo Udalak urrats handia egin du hiriko asmo handieneko proiektuan, aurki abiatuko baitira Via Irun proiektuko hiri-barruti berritzaileko eraikinik ikoniko eta enblematikoena berritzeko lanak. Aduana zaharraren eraikin historikoan punta-puntako ekipamendu publikoak jarriko dira, prestakuntzara, ekintzailetzara eta enpresara bideratuta, berrikuntza- eta ezagutza-polo baten barruan. Hori egiteko lanei ekitea mugarri garrantzitsua da gaur egun erabilerarik ez duen trenbide inguru hori berritzeko eta espazio hori hiriarentzat berreskuratzeko bidean.

Aurrena forjatuak, instalazioa eta egurrezko elementuak eraitsiko dira, eta ondoren egiturazko hormak finkatuko dira. Jarraian, egoera txarrean dauden forjatuak konponduko dira, egungo estalkiak eraitsiko dira eta berri batzuk eraikiko dira. Obra-planean jasota dago, halaber, leihoburuak konpontzea eta fatxadako hormak saneatzea, garbitzea eta konpontzea. Azkenik, zulorik badago, behin-behinean itxiko dira.

Cristina Laborda alkatearen hitzetan, «egoeraren jakitun gara, eta gauza izan gara esku-hartze bat egiteko erabiltzen ez den eta azken urteetan aski hondatu den eraikin batean”. Alkateak azaldu duenez, “trenbideko azpiegitura zaharren inguru degradatu hori berreskuratuko dugu, eta bide egingo diogu etorkizunerako nahi dugun Irun modernoari, esku artean dugun hiria eraldatzeko asmo handieneko proiektuarekin».

Berriki, Bartzelonan izan den Irungo Udalaren ordezkaritza bat, udal-talde guztietako eledunek eta zenbait teknikarik osatua, eta bisita horren ondoren iritsi da adjudikazio hau. Bilera egin zuten Jaume Collboni Bartzelonako alkatearekin, Kataluniako hiriburua berroneratzeko eta ekonomia biziberritzeko abian jarri dituzten estrategiak bertatik bertara ezagutzeko. Esperientzia hori inspirazio-iturri izango da Via Irun – Hiria Gara proiektuan txertatutako hiri-barruti berritzailea garatzeko, trenbidearen ingurua eraldatuta jarduera ekonomiko aurreratura, prestakuntzara eta ekintzailetzara bideratutako espazio bat lortzeko.

Labordak nabarmendu duenez, abiadura handiko trenarentzat egokitutako geltoki berria eraikitzen ari dira martxa onean eta, horrez gain, herritarrek aurki ikusiko dute nola berritzen den Aduana zaharra, trenbide inguruaren eraldaketaren barruan. «Bi elementu horiekin, trenbidearen eremuak bi eraikin izango ditu, eta biak mugarri handiak izango dira Via Irun proiektuaren barruan», gaineratu du.

Era berean, gogoan izan behar da orain abian jarri diren lanen aurretik lehen fase bat egin zela, 2024ko bigarren erdian, eremua garbitzeko eta hondakinak erretiratzeko, 192.319,41 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). Horrela, egiturazko elementuetara iristeko modua zabaldu da, eraikinaren karakterizazioa egiteko.

Aduana zaharra berritzeko prozesua

Aduana zaharra berritzeko lanak 2023ko maiatzean hasi ziren, tokiko gobernu-batzordeak eraikina 1.666.416,76 euroan Estatuaren administrazio orokorrari erostea onetsi zuenean, eta ordutik etenik gabe egin dute aurrera. Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak emandako lau milioi eta erdi inguruko dirulaguntzari esker, eraikin enblematiko hori zaharberritzeko lanei ekin zitzaien.

Dirulaguntza Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek elkarrekin garatu beharreko inbertsio estrategikoen erakunde arteko planaren (PIEE 22-24) barruan kokatzen da. Dokumentu horretan jasotzen dira 2022, 2023 eta 2024ko ekitaldietan egin beharreko zenbait jarduera, erakundeen elkarlanean oinarrituta eta inbertsioaren aldeko apustua eginda, ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko eta erresilientziarako tresna gisa.

Hain zuzen ere, lan horien bidez, Aduana zaharra eta haren eranskinak osatuko dira, etorkizunean eman nahi zaion erabilerarako, hots, iHub inklusibo eta adimendun bat osatzeko. Horrela, eraikina Via Iruneko hiri-barruti adimenduna osatzeko estrategiaren muina izango da, eta berrikuntza, kohesio ekonomikoa eta soziala eta eraldaketa digitala eta ekologikoa hartu dira premisatzat proiektua diseinatzeko.

Aduana zaharra

Irungo Aduana zaharraren eraikina Aduana kaleko 18.ean dago, hiriak eta tren-geltokiko zabaltzak muga egiten duten tokian. Eraikina 1882an ireki zen, eta 1993an itxi zen arte erabili zen, nabeak hainbat modutan konfiguratuta, zerbitzuaren beharren arabera. Itxi ondoren, abandonatuta geratu zen, eta denboraren poderioz degradatzen joan da, egungo egoerara iritsi arte.

Gaur egun, Via Irun proiektuko trenbide ingurua berreskuratzeko lanen testuinguruan, Aduana zaharraren eraikina berritzea funtsezko urratsa da antolamendu berriaren barruan, trenbide-zabaltzan berreskuratutako lurretan hiri-barruti bat sortzeko bidean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude