Alardearen aitona-amonak

“Alardearen seme-alabak” dokumentala ikusteko parada izan genuen Donostian apirilean Giza mantusa 2colorEskubideen Zinemaldiaren baitan, eta hilabete geroago Hondarribian; Irunen, hau idazteko tenorean behintzat, oraindik ez. Interesgarria, oso, hainbat alderditatik. Gomendatzen dizuet. Gauza pila esaten da, zein baino zen mamitsuagoa. Orain historiari lotuko natzaio. Hobeki esanda, historiaren pertzepzioari. Izan ere, historialaria naizen aldetik harri eta zur uzten nau Alardeetan ez ezik gainerako emanaldi folklorikoetan ere haien zilegitasuna justifikatzeko historiak omen duen garrantziak. Alderantziz ez ote den… lehenago gure festak goratu eta gero jatorri noblearen bila ez ote gabiltzan, hainen maite dugunak jatorri xume edo batere heroikorik ez duela ezin sinetsirik…
Harira: pertzepzio herrikoiak gora-behera, deigarria da, gero, dokumentalean Unibertsitateko irakasle batek kantinerari buruz esana. Historiaz jakin gabe ere, urteen poderioz ilea urdindua dugunok, eta batez ere gu baino zaharragoei entzuteko ohitura dugunok, badakigu nolako eraldaketa izan duen Alardeak oro har, eta hain zehatz kantineraren paperak, gutxienez gerraz geroztik.
Kantineren jatorria erromerietako neskatxa zerbi-tzariengan bilatzea ez zaio sinesgarri euskal folkloreaz pitta bat bedere dakienari, baina tira, absurduagorik esan izan da. Hori bai, kantinera konpainian dagoen elementu ez militar bakarra dela argudiatzea gure historia ostikoka tratatzea da: bera da eta, janzkeraz eta jatorriz behintzat, “herritar armadunen konpainietan” elementu militar bakarra, espainiar armadarena, hain zuzen. Hala dio, behintzat, duela ia hiru hamarkada gure alardeen jatorriari buruzko idazlan mardul batek, bide batez eta besteak beste  kantinera apaingarri bat baino ez zela zioena.
Hainbeste gauza aldatu da gure alardeetan azken hamarkada eta erdian! Jatorriak ere pertzepzioen arabera aldatzeraino… denboran atzera egin eta historia aldatzerik bagenu bezala.

Xabier Kerexeta

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude