Hossegorrera erromes

Hasera batean soilik surflari eta surfzaleentzat ziren arropa-marka ezagunek prezio ikaragarri yurre854921_nmerkean jartzen dute neguan soberakin izan duten jantzien stock guztia. Urtero gertatu ohi da, Aste Santuan, Landetako Hossegorreko “karpak” deritzan lekuan. Joan nahi baduzu, esan genezake bidea kasik markatua dagoela ze, Hegoaldeko edonondik abiatuta ere, jarraitu besterik ez diozu Landetako norabidea daraman Hegoaldeko auto-matrikula ilarari. “Karpa” horietara hurrera-tzen zaren heinean, frantsetsen antolaketa bikainak lagunduko dizu salmentaren ahoraino sartzen. Behinola pinuen eta ihien basoak izandakoak, aparkaleku numeratuak dira egun. Adibidez, Ostiral Santuan goizeko hamaikak baino apur bat beranduxeago heltzen bazara, ozta-ozta aurkituko duzu aparkalekurik eta bueltan bidali ahal zaituzte, edo handik hamar kilometrotara aparkatu beharko duzu. Aitzitik, ozta-ozta azkenengo aparkalekuan tokia aurkituz gero, zorte handia izan duzulakoan nago: salmenta-postuetatik hiru kilometrotara aparkatuta zaude eta oinez zeharkatu beharko duzu pinu landais ederrezko basoa zerbait erosi ahal izateko.

Basoan zehar bagoaz jende oldea, fedea ipinita arropa-marka batzuren salneurri baxuetan, mauka sinistezinak eskuratzeko siniste sendoak bultzatuta. Bilbotar batek kontatu dizu karparik ezagun eta handienean erostearren prest dagoela hiru orduko ilaran itxaroteko. Iruñeko beste lagun batek soilik karpetan xahutzen ditu urte guztian janzten xahu-tzekoak. Pinu erraldoiei galdetu beharko diet: zergatik ote da janztea garestia, zergatik hainbesteko garrantzia janzkerari eta aldi berean zergatik bost axola digu erostea munduaren beste puntan haur eta heldu ia esklabuek egindako jantzi eta zapata merke edo garestiak? Gizakiok, ordea, ez gaude horrelako galderetarako, ezta erantzunetarako ere… Katearen begia izaten gustora gaude edo aski daukagu, prezio eta sosak zenbatzera mugatu gara. Gazte koadrillak, plastikozko poltsak erositako arropaz lepo beteak. Helduak ere, pozik, marka guay horien pagotxak ordaindu ostean. Egia esan, eskerrak aparkalekuaren eta salmenta-karpen artean dagoen basoari, erromesaldi komertziala naturaz mozorrotu baitu, guk gure hutsalkeria jantziekin estali nahi (eta ezin) dugun moduan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude