- Teknologiaren erabilera egokia
- Zabaltzen ari den sarea
- Hainbat talde daude Irunen
Teknologiaren erabilera egokia bultzatu nahi duten guraso taldeak saretzen hasi dira Altxa Burua egitasmoaren izenpean. Horretarako herri, eskola eta auzoetan elkartzen hasiak dira kezka bera partekatzen dutenak. Altxa Burua Gipuzkoa sarearen barnean biltzen dira hainbat hiri eta herrietan sorturiko taldeak, elkarri lagundu eta indarra egiteko.
Irunen ere mugimendura batu diren hainbat talde eratu dira, ikastetxeak ardatz hartuta. Nerea Gomez Toki Alaiko ikastetxeko taldearen kide da, Ainara Perez, berriz, Txingudi Ikastolakoa eta Miren González eta Olatz Albizu Eguzkitza ikastetxekoak. Ainara Gómezek azaldu duenez, proiektua Tolosan sortu zen eta emaitza positiboak ikusita, beste lekuetara zabaldu da. Miren Gómezek azaldu duenez, “konturatu ginen Irungo eskola guztietan baginela gai honekin kezkatutako gurasoak eta taldeka antolatzea erabaki genuen”. Olatz Albizuren hitzetan, “gure planteamendua oso lokala da, gure haurrak inguruan dituztenekin harremantzen baitira”, baina hala ere atzetik Altxa Burua bezalako proiektu baten babesa izatea oso lagungarria dela onartu du.
Egitasmoaren helburuetako bat beren seme-alabei Interneterako sarrera duten gailuak emateko adina atzeratzea da. Horretarako, lanketak bakarka egin beharrean, sarean antolatu dira bidea errazteko. Miren Gómezek azaldu duenez, “talde handiago baten parte zarenean lasaitzen zara, jada ez zaudelako bakarrik eta indarra egitea errazagoa da”. Horretaz gain, Nerea Gómezek aipatu duenez, oraindik arazoaz kontziente ez diren gurasoei egoeraz eta arriskuez ohartarazteko lanean dabiltza. Ainara Pérezek azaldu duenez, arazoak ez du adin zehatzik: “nire semeak haur hezkuntzan daude oraindik eta bertako gurasoek urrutiegi ikusten dute gaia, baina ez da hala”.
Adina atzeratzeaz gainera, heziketa teknologikoa jaso eta ematearen garrantzia azpimarratzen dute. Izan ere, arazoa ez da amaitzen gazteei mugikorra ematearekin, ondo erabiltzen erakutsi behar zaie eta. Gainera, gailu mugikorren erabilera apropos hori zabaltzeko helduen eredua beharrezkoa da, haurrentzat eredugarri diren aldetik. Horretaz gain, eskolak telefono mugikorrik gabeko arnasgune bihurtu nahi dituzte, irakasleak ere haurrentzako eredu baitira.
Bidearen hasieran
Irungo ikastetxeetako talde bakoitza fase ezberdin batean dago. Batzuk aurreratuago doaz eta besteak, berriz, gaia lantzen hasiberriak dira. Orokorrean, egitasmoa ezagutarazteko ekintzak antolatu dituzte orain arte: gurasoentzako prestakuntza hitzaldiak, eskolan galdetegiak zabaldu dituzte, talde eragileak sortu dira, WhatsApp eta Telegram taldeak sortu dituzte informazioa zabaltzeko, etab.. Etorkizunean Irungo Udalaren inplikazioa ere beharko dutela aurreikusten dute, egitasmoa hiri osora zabaldu ahal izateko.
Egitasmoan inplikatutako lau ama hauek adierazi dutenez, oinarrizko informazio guztia Altxaburua.eus webgunean jasoa dago eta bertan aurkitu daiteke Irungo taldeekin harremanetan jartzeko bideen inguruko informazioa.




