Amaia KZan 49. Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaz gozatu ahalko da urtarrilaren 14tik 16ra

Amaia KZn eskainiko da Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren 49. edizioa, urtarrilaren 14atik 16ra. Aurten, 16 film labur eta 5 dokumental eskainiko dira orotara. Proiekzioak 19:00etan hasiko dira hiru egunetan, Amaia KZko hitzaldi-aretoan, eta sarrera doakoa izango da toki guztiak bete arte.

Jaialdiak Irun bisitatzen duen 42. edizioa izango da aurtengoa, eta proiekzio aukera bikaina eskainiko die zinemazale eta itsasozaleei. Gainera, aurtengo edizioan, Cimasubek Adinziklo programaren saio bat antolatuko du Anakako Caser egoitzan, urtarrilaren 16an, ostiralarekin. Ekimenaren xedea da itsaspeko zinema adinekoei ere eskaintzea, irudi txundigarrien eta esperientzia egokituen bidez.

«Egia zure begien aurrean» lelopean, aurtengo edizioan itsaspeko errealitatea bere horretan erakustea da zikloaren asmoa, itsaspea artifiziorik eta zientzia fikziorik gabe aurkeztuta. Horrela, zikloa osatzen duten proiekzioen bidez, «itsaspeko argazkilari eta bideogileen lanaren balioa aitortu» nahi dute, «profesional horiek sakonean murgiltzen baitira munduaren luze-zabaleko itsaso eta ozeanoen azpian zer dagoen erakusteko».

Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa

Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa irabazi asmorik gabeko CIMASUB elkartearen ekimen bat da; izan ere, 1975etik ari da itsaspeko biodibertsitate liluragarria ezagutarazteko eta harekiko errespetua eta maitasuna sustatzeko lanean.

Aurtengo CIMASUB TOUR 25/26 ekimena urte osoan zehar luzatuko da, eta 30 hiri eta herri baino gehiago bisitatuko ditu. Tourrak aparteko programa dakar zinemazale guztientzat: itsaspeko zinemaren proiekzioak, ikastetxeetan egiteko jarduera hezigarriak, argazki erakusketak eta emanaldi bereziak adinekoen egoitzetan.

Ekimenak itsaspeko mundu txundigarrian murgiltzeko parada dakarkigu, film laburren, dokumentalen eta argazkien bidez, ozeanoetako biodibertsitatea, jasangarritasuna eta giza istorioak esploratzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude