Ametsa Txiki Abesbatzako kideek El Pilar eta La Salle ikastetxeetako ikasleekin batera opera batean parte hartuko dute. Oscar Wilderen literatur lanaren egokitzapen batean oinarritutako Iñigo Casali konpositore nafartarraren “El Gigante Egoísta” haurrentzako opera antzeztuko dute. Emanaldia ekainaren 15ean izango da, arratsaldeko 19.00etan, Irungo Amaia Kultur Zentroan. Sarrerak salgai daude ohiko kanal guztietan.
Konpositore beraren musika-zuzendaritzapean eta Leticia Vergararen koru-zuzendaritzapean, Luis Mariano orkestrak haur-abesbatza eta bakarlari-taldea lagunduko ditu agertokian: Iker Casares, Erraldoi gisa; Lucia Gómez, Erraldoi ume gisa; Saioa Goñi, Haize gisa; Klara Mendizabal, Elur gisa; eta Leticia Vergara, Granizo gisa.
Gonbidapen berezia
Horiez gain, oholtza gainean beste luxuzko gonbidatu batzuk izango dira. Jakina denez, Ametsa Kultur Elkarteak, Irunen kantu korala zabaltzea eta gozatzea helburu nagusia du. Horregatik, proposamen berritzaile bat egin du emanaldi honetarako eta Irungo El Pilar eta La Salle ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 40 haur gonbidatu ditu Ametsa Txikirekin bat egin dezaten opera hau abesteko. Urtearen hasieratik elkarlanean aritu dira 15ean “El Gigante Egoísta” operaren hainbat zati eskaintzeko entzuleei.
Operaren Sinopsia
Oscar Wildek idatzitako “El Gigante Egoísta” ipuinak, haurrei bere lorategi ederrean jolastea debekatzen dien erraldoi baten istorioa kontatzen du. Lorategi horretan betiko negua ezartzen da. Erraldoiak bere akatsa ulertzen duenean, haurrei itzultzen uzten die, eta, orduan, lorategia udaberrian murgiltzen da. Haurretako batek, jainkotiar irudia izanik, maitasunaren eta eskuzabaltasunaren balioa erakusten dio erraldoiari. Opera honen helburua gizakiak hausnarketa egin dezakeela erakustea da, baita bere erabakiak eta jarrerak alda ditzakeela ere; sentimendu batzuk izan arren, aldatu egin daitezkeela, maitasuna, errespetua, tolerantzia, adiskidetasuna eta enpatia sustatzeko.



