Argoiak kultur elkartea: emakumeen ekimenetik sortutako eskaintza kultural zabala adin guztientzat

Argoiak kultur elkartea 1982. urtean sortu zen. Etxekoandreen elkarte gisa sortu zen, emakumeen ekimenez, baina gaur egun kultur elkarte bihurtu da. Ikastaro eskaintza zabalarengatik eta astero asteazken kulturalak antolatzeagatik nabarmentzen dira. Elkarteko batzordeko kideek, martxoaren 8aren bueltan, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, antolatutako ekintzak aurreratu dizkigute.

Begoña García, Lourdes Montes, Juani Santos, Gloria Arocena, Charo Lacalle, Txefa San Juan, Carmen Gil eta Asun Calleja elkarteko batzordeko kideak dira. Begoña Garciak azaldu digunez, “gaur egun askok emakume elkarte bezala identifikatzen gaituzte oraindik, nahiz eta izatez elkarte kulturala izan”. Hain zuzen ere, gaur egun emakumeak zein gizonak onartzen dituzte elkarteko kide gisa, nahiz eta oraindik emakumeak gehiengoa izan. Gizonak gutxiengo bat dira oraindik, nahiz eta elkarteko jardueretako monitoreak eta bazkideak ere badiren. Gauzak horrela, Argoiak elkartetik gizonak ere elkartera batzera animatu nahi dituzte.

Argoiak elkarte kulturala aski ezaguna da bere ikastaro eskaintza zabalarengatik. Elkartearen eskaintzaren artean, jarduera fisikoarekin zerikusia duten ikastaroak dira ugarienak, izan ere, horiek dira eskatuenak. Esaterako, pilates, luzaketa edo mantentze gimnasia. Kirolaz gain, bestelako jarduerak ere eskaintzen dituzte. Adibidez, ukelele taldea dute, elkartearen parte dena eta egun 29 kide dira bertan. Bestetik, marrazketa eta pintura, ebaketa eta jantzigintza tailerra, irakurketa feministen tailerra edo eskulan tailerrak ere badituzte. Argoiaken hizkuntzetan ere trebatzen dira, adibidez, orain gutxi ingelesa ikasteko ikastaroa hasi dute.

Elkarteko batzordeko kideek azaldu dutenez, ikastaroak hiruhilekoak dira, beraz, horietan izena emateko epea etengabe dago irekita, matrikulazio epe zehatzik gabe. Dena den, Lourdes Montesek azpimarratu du, jendea ikastaroetan izena emateko asmoz gerturatzen denean, hiruhilekoa amaitzear badago, itxaroteko aholkua ematen diotela, “ikastaroa ahalik eta gehien aprobetxa dezaten”. Eskariari dagokionez, ikastaro arrakastatsuenak ekintza fisikoak dira. Era berean, ukelele taldeak gorakada handia izan du azken urteetan. Ikastaroetan izena emateko elkarteko kide izatea ezinbestekoa da, nahiz eta bazkide kuota sinbolikoa izan. Behin hori eginda, bazkideak nahi beste ikastarotan izena eman ahalko du, ikastaro bakoitzak prezio bereizi bat duelarik.

Ikastaroen egutegi zabalaz gain, asteazkenak egun berezia dira Argoiak elkartean. Asteazken kulturalak antolatzen dituzte astero eta jarduera honetan 40 pertsona inguru elkartu ohi dira. Dena den, azken urteetan nabaritu dute adinekoen zentroetan eta elkarte kulturaletan jardueren eskaintza handitu egin dela eta, ondorioz, jendea sakabanatu egiten dela. Begoña Garciak azpimarratu duenez “adineko kide askok urteak daramatzate ekintza hauetan astero parte hartzen”. Asteroko hitzordu horretan askotariko ekintzak tartekatzen dira, bai eta hitzaldiak edo emanaldiak ere. Hilabeteko azken asteazkenean beti sukaldaritza tailerra egiten dute, amaieran kozinatutakoaren zatitxo bat dastatuz eta gainontzekoa zozkatuz.

Martxoaren 8aren atarian

Martxoko egitarau kulturala antolatzerakoan, Emakumeen Eguna ospatzeko ekintzak prestatu dituzte. Martxoaren 4an, emakume biolinista baten entzunaldia izango dute. Martxoaren 8an, Emakumeen Egunean bertan, urtero antolatzen duten bazkari irekia izango dute, nahiz eta izena ematen duten gehienak elkarteko bazkideak izan ohi diren. Martxoaren 11n, Susana Rodriguezen hitzaldia dute izenburu honekin: “Volver a mí. Niña interior y patrones inconscientes.” Azkenik, martxoaren 18an, “Las buenas compañias” pelikula ikusiko dute. Etorkizunaz galdetuta, elkartearen jarduera bere horretan mantendu ahal izatea eskatzen dute soilik, orain egiten dituzten gauzak aurrerantzean ere egiten jarraitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude