Estigma, osasun mentalaren itzal luzea

Buruko osasun arazoak dituztenek egunero bizi duten oztopo handienetakoa ez da gaixotasuna bera, hari lotutako estigma baizik. GSR Egiluzeko erabiltzaile eta profesionalen testigantzek agerian utzi dute oraindik ere badaudela aurreiritzi eta diskriminazioz beteriko hormak. Urtero urriaren 10ean, Osasun Mentalaren Munduko Eguna ospatzen da eta ospakizuna mitoak apurtzeko baliatu nahi izan dute.

Mondragon Kooperatibaren parte den GSR Egiluze zentroak, Irunen kokatua, buruko osasun arazoak dituzten pertsonen errekuperazio eta gizarteratze prozesuan laguntzen du. Baina zentroaren lau hormetatik kanpo, errealitate gordin bat dago: etiketen pisua. Depresioa, antsietatea, eskizofrenia edo beste edozein diagnostiko duen pertsona, sarritan, “arriskutsu”, “ezgai” edo “ahul” gisa etiketatu ohi da.

Estigma hori da, hain zuzen ere, zentro honetako erabiltzaile eta langileen eguneroko borrokaren ardatza. Imanol Díaz de Otazu Gallego GSR Egiluzeko zentroaren koordinatzailea da. Irungo Zentroak, hiru zerbitzu desberdin ditu: Burmuineko Kaltearen Eguneko Zentroa (EZ), Ezintasunari Arreta Integrala emateko Egoitza Unitatea eta Nahasmendu Mental Larria Errehabilitatzeko Unitatea (NMLEU).  Juan Cascallar, Iñaki Alzuaga, Pilar Ugalde eta Mauricio Aburuza zentroko erabiltzaileetako batzuk dira eta beste erabiltzaile batzuekin batera, haien errealitatea nolakoa den azaldu digute erreportaje honetan jaso dezagun.  Imanol Díaz de Otazuk azaldu duenez, “eredu integral batetik lan egiten dugu, non pertsona bakoitza bere errekuperazio-prozesuaren protagonista den, betiere talde profesionalaren laguntzarekin”.

“Osasun mentala beste edozein osasun arlo bezala tratatu behar dugu”

Imanol Díaz de Otazu Gallego, GSR Egiluzeko zentroaren koordinatzailea

Lau elkarrizketatuen kasuan, urte eta erdi eta bi urte eta erdi artean daramatzate GSR Egiluzeko zentroan bizitzen. Bertan haien bizitza nolakoa den azaldu dute. Hau da, Juan Cascallarrek azaldu duenez, “goizetan esnatu eta gosaldu ostean, gela txukuntzeaz arduratzen gara eta garbiketa lanetan laguntzen dugu”. Adibidez, ostiraletan maindireak aldatzen laguntzen dute. Baina, zalantzarik gabe, Iñaki Alzuagak adierazi duenez, “egunean zehar egiten ditugun tailerrak dira gehien gozatzen ditugun ekintzak”. Izan ere, askotariko ekintzak dituzte aukeran: gimnasia, kaligrafia eta idazketa, sukaldaritza, psikologia eta irakurketa erraza. Horrela, gehienek eguna lanpetuta izatea atsegin dute, ekintza batetik bestera igaroz.

Komunitatean lanketa

Estigmaren aurkako borroka hori berreskuratze prozesuaren funtsezko zatia da. Imanol Díaz de Otazu Gallego GSR Egiluzeko zentroaren koordinatzailea, kezkatuta agertu da gizartearen irudi okerrarekin, eta gizarteratzearen ezinbesteko rola azpimarratu du. Zentroaren koordinatzailearen arabera, isolamenduak eta instituzionalizazioak estigma indartu baino ez dute egiten. Horregatik, komunitatearekin lan egiteari ematen diote lehentasuna. Díaz de Otazuk azaldu duenez, komunitatean modu aktiboan parte hartzeak funtsezko onurak dakartza: “parte hartze aktiboak komunitatean aukera ematen die erabiltzaileei rolak berreskuratzeko, loturak ezartzeko eta sare sozial baten parte sentitzeko. Gainera, komunitateak ere irabazi egiten du, inklusiboagoa, askotarikoagoa eta solidarioagoa bihurtzen baita.”

Bide horretan, urriaren 10ean, Osasun Mentalaren Munduko Egunaren ospakizuna dela eta, Irungo Atsegina elkarteak bere egoitza utzi zien bertan bazkari bat egiteko. Bazkarira abiatu aurretik, ordea, argazkia atera dute zentroko patioan, pankarta hartuta: “gure gaixotasun mentalak ez gaitzala definitu”, argi eta ozen aldarrikatzeko. Mauricio Aburuzak aipatu duenez, “bazkaria dela eta, bezperan sukaldaritza tailerra egin genuen, hurrengo eguneko hasierako platerak eta postrea prestatzeko”. Hummus, entsalada errusiarra eta browniea sukaldatu zituzten. Sukaldariak berriz, oilasko errea eta kroketak prestatu zizkien. Pilar Ugaldek azaldu duenez, “batzuek zentrotik autobusez egin zuten elkarterako joan-etorria eta beste batzuk aldiz oinez gerturatu ziren”.

Horrela,  zentroko bizikide eta langile guztiak bertan bildu dira eta eskerrik beroenak eman dizkiete elkarteko arduradunei, jarduera hori aurrera eramateko eman dieten laguntzagatik. Gainera, erabiltzaileak eskerrak eman dizkiete Irun´go Atsegiñako kideei apirilaren 25ean Opila eta Gabonetan errege opilak eramaten dizkietelako, bereziki atsegin dituztenak, hain zuzen ere.

Desagertzen ez diren estigmak

Iturria; GSR Egiluze

Zentroan, beraz, normalizazioaren eta hezkuntzaren aldeko apustua egiten dute, gizarteko esparru guztietan bizirik dirauten estigmak apurtzeko. “Osasun mentala beste edozein osasun arlo bezala tratatu behar dugu”, azpimarratu du Díaz de Otazuk. Erabiltzaileei osasun mentala dela eta estigmatizatuak sentitzen ote diren galdetuta, ezetz erantzun dute denok, beraien gaixotasuna ondo eramaten dutela eta kontrolpean dutela baieztatu ostean. Dena den, oraindik badira gizartearen aurreiritzietan pentsatuz deseroso sentiarazten dituzten uneak, adibidez, jatetxe batean bazkaltzerakoan eta erreskate pastilla hartzeko unean. Begiradak edo galderak saihesteko, onartu dute nahiago izaten dutela pastilla ezkutuan hartu. Oraindik badago, beraz, gizarte mailan zer aldatu beharra.

“Bai, zoritxarrez, osasun mentalarekiko estigmek oraindik ere bizirik diraute gizartearen zati handi batean”

Imanol Díaz de Otazu Gallego, GSR Egiluzeko zentroaren koordinatzailea

Hala ere, Osasun Mentalaren Munduko Eguna ospatzea oso garrantzitsua dela uste dute. Zorionez gizartean denboraren poderioz gauzak asko aldatu diren arren, jendeak informazioa behar duela uste dute GSR Egiluzeko erabiltzaileek. Beraz, ondo iruditzen zaie ospakizunaren bidez urtean behin hori gogoraraztea.

Dauzkaten nahasmenduen artean psikosi maniako-depresiboa edo eskizofrenia aipatu dizkigute, baina, denoi gertatzen zaigun bezala, egun onak eta egun txarrak dituzte. Behin gaixotasuna onartuta, ordea, eta askotan onarpenera iristea erraza ez den arren, zentroan lasai eta ondo  bizi direla adierazi digute. Hala ere, gizartean ere babestuta eta onartuta sentitzea haientzat oso garrantzitsua dela azaldu dute.

Imanol Díaz de Otazuk baieztatu duenez, “bai, zoritxarrez, osasun mentalarekiko estigmek oraindik ere bizirik diraute gizartearen zati handi batean”. Horrek, gainera, oztopo izugarria dakar haien gizarteratze, laneratze eta inklusio pertsonalerako. Ideia oker horiek sortzen duten beldurrak eta arbuioak errekuperazioa eta gizartean erabat parte hartzea zailtzen dute.

Gizartearen Konpromisoa

Estigmak errotik desagerrarazteko, hainbat mailatan lan egin behar da, ezinbestez. Imanol Díaz de Otazu, GSR Egiluzeko koordinatzailearen hitzetan, funtsezkoa da, lehenik, gizartea heztea eta ondo informatzea buruko nahasmendu batekin bizitzea zehazki zer den ulertarazteko. Zentroaren ikuspegitik, bizipen erreal, positibo eta askotarikoak ezagutaraztea funtsezkoa da estereotipoak hausteko. Gainera, osasun mentala naturaltasunez tratatu behar da bizitzako arlo guztietan, lantokietan, komunikabideetan eta ikastetxeetan. Gizarte gisa, errespetua, enpatia eta laguntza sustatu behar dira, eta koordinatzaileak berak azpimarratu duenez: “Eta, batez ere, esperientzia propioa duten pertsonei lekua eta ahotsa eman behar diegu, beraiek izan daitezen aldaketa beren ikuspegitik gidatzen dutenak”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude