“Oparirik gabeko Gabonak?” musikala Irunen estreinatuko da abenduaren 12an

Horkonpontx elkarteak eta Skola Musikek elkarlanean sortutako “Oparirik gabeko Gabonak?” musikala estreinatuko dute Irunen 2025eko Gabonen atarian. Estreinaldia 2025eko abenduaren 12an izango da, Irungo CBAko Kultura eta Sorkuntza zentroko Irun Zuzenean Aretoan. Familia osoari zuzendutako musikal hau bi saiotan eskainiko da: 17:00etan eta 19:00etan. Sarrerak udalaren webgunean eskuratu daitezke.

Musikal honek Gabonak ditu ardatz, baina oparien idealizazioa hausteko asmoarekin sortu da. Istorioa Iratxo Gazpatxo galtzagorriaren tailerrean hasten da, Gabonetako opari guztiak falta direla ohartzen denean. Ikusleen laguntza beharko du Gazpatxok arazoa konpontzeko.

Liburuetatik, pertsonaia ezagunak agertuko dira laguntzeko, hala nola, Alizia, Pinotxo, Txanogorritxu eta Otsoa. Pertsonaia hauek opari ez-materialak ekarriko dizkiote galtzagorriari, hala nola, maitasuna, sormena, laguntasuna eta umorea. Antzezlanak galdera honen inguruan hausnartzera gonbidatzen du: zein da oparirik onena?. Ikuskizun guztia zuzeneko musikak errimatuko du.

Taulagainean arituko direnak

Ikuskizun hau zerotik sortu dute. Sorkuntzaren ideia Joanes Echeveste aktore, pailazo eta sortzaileak, Dánae Riaño musikari, kantari eta aktoreak, Iker Hernandez musikariak eta Daniel Riaño musikariak bultzatu zuten duela urtebete.

Guztira, 8 pertsonek eskainiko dute emanaldia oholtza gainean: Aktore eta kantari lanetan artiuko dira Joanes Echeveste, Dánae Riaño eta Mikele Arizkorreta. Bestetik, musikariak Daniel Riaño, Iker Hernandez, Ivan Requejo, Lander Campos eta Ane Encabo izango dira.

Elkarlanean sortutako proiektua

Proiektua Horkonpontx elkartearen eta Skola Musiken elkarlanetik sortu da. Skola Musik Irunen duela hogei urte baino gehiago sortutako musika eskola da. Hainbat musika-diziplinarekin lotutako irakaskuntzak eskaintzen ditu, eta musika sentiarazteraino jotzea du filosofia. Ikasturtean zehar kontzertuetan parte hartzeko aukera ere ematen die ikasleei.

Horkonpontx Elkartea berriz, Pontx pailazoaren proiektua da, 2020an sortua. Euskaratik eta euskaraz clown/pailazo ikuskizunen produkzioa eta aurkezpenak egiten ditu, umorea, alaitasuna eta euskarazko antzerkia helarazteko helburuarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude