Babesgabetasun-egoeran dauden haurrak detektatzeko prestakuntza emango zaie dingabeekin lan egiten duten profesionalei

Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko ordezkari Nuria Alzagak Arloa adingabeekin jardun ohi duten langileak haurren babesgabetasun egoerak goiz detektatzeko trebatzearren aurrera eramaten ari den programa baten berri eman du. Udaltzaingoko langileak zein kirol, hezkuntza eta osasun arloetako teknikariak parte hartzen ari dira ekimenean.

Ordezkariak nabarmendu duenez, “adingabeek beraiekin tratatzen dutenek erabateko babes eta arreta eman diezaieten merezi dute, eta adingabeak tratatzen dituztenek, berriz, onena eman nahi dute, adingabeak bereziki zaurgarriak baitira eta garapen betean baitaude. Profesionalen etengabeko prestakuntzak haur eta nerabeentzako zerbitzu eta programen kalitatea hobetzea dakar,  eta, programa honen bidez, haurren babesgabetasun egoerak goiz detektatzeko beharrezkoak diren baliabideak eman nahi ditugu, detekzio goiztiarra funtsezkoa baita tratu txarrak berekin dakartzan ondorio fisiko, emozional eta sozialak hain larriak ez izateko”.

Trebakuntza programaren zuzendaria Leire Míguez psikologoa da, haurren babesgabetasun egoeretan aditua eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Haurrak Babesteko Zerbitzu Espezializatuko haur eta nerabeen gaietarako eskualdeko taldeetan ibilbide luzea egindakoa. Saioak, teorikoak zein praktikoak, otsailetik maiatzera bitartean ematen ari da, parte hartzaileei haur eta nerabeak babesteko oinarrizko tresna eta ezaupideak emateko: bai detekzioa hobetzeko, bai jakinarazpena hobetzeko. Era berean, trebakuntzaren helburua bada parte hartzen duten profesionalek beren ezaupideak bateratu ditzaten ere, haurrak babesten dituzten arloen artean laguntza sare bat sor dadin.

Trebakuntzaren antolaketa

Polizia (Udaltzaingoko eta Ertzaintzako hamabost kide) izan da lehenengoa trebakuntzan parte hartzen, baita Gazteria Arloko langileak ere, ia plantilla osoak (Gazteriako udal teknikariek eta gazteleku eta haurtxokoetako profesionalek) parte hartu baitu programan.

Hurrengo hitzorduak otsailaren 21ean eta 28an izango dira, kirol arloko langileentzat; zehazki, udal teknikarientzat, eskola kiroleko begiraleentzat eta adingabeekin lan egiten duten kirol taldeetako profesionalentzat.

Lehen eta bigarren hezkuntzetako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeetako langileak eta haurtzaindegietakoak haur eta nerabeekin dihardutenen gehiengoa direnez, eta haiekin harremanik zuzenena dutena, sei saio ere emango dituzte, otsailean eta martxoan.

Azkenik, apiril eta maiatzerako, osasun arloko langileentzako ikastaroak aurreikusi dira,  Osakidetzako gizarte langileentzat, pediatrentzat, haurrentzako psikiatria taldeetako profesionalentzat eta 14 urtetik beherako adingabeekin lan egiten duten familia medikuentzat.

Trebakuntza programaren barruan, hiruna orduko bi saio emango dituzte parte hartzaileek, goizez edo arratsaldez, euskaraz edo gaztelaniaz, beren beharren arabera, eta, saiootan, gai hauek landuko dituzte, baita beren interesaren araberako beste batzuk ere:

  1. saioa. Legedia eta udal eta foru baliabideak
  2. a) Haurren eskubideak eta egungo legedia
  3. b) Gizarte zerbitzuen mapa
  4. c) Haur eta nerabeen oinarrizko beharrak
  5. d) Tratu ona
  6. e) Gurasoak, aldaketaren eragile
  7. saioa. Haur eta nerabeen balizko arrisku eta babesgabetasun egoeren detekzio eta jakinarazpena eta esku hartzeko jarraibideak
  8. a) BALORA (laburpena)
  9. b) Babesgabetasun egoera motak
  10. c) Jakinarazpenak barnean hartu beharreko oinarrizko kontzeptuak
  11. d) Kasu praktikoak

Programaren esparruan, gainera, trebakuntza bera ebaluatzen ari dira, eta tailerrez arduratzen den psikologoa parte hartzaileen zalantzak argitzen ari da.

Pertsonarik zaurgarri eta babesgabeenekin lan egiten duten profesionalen prestakuntza hobetzeko beharra ikusita, Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko Arloko Lehen Mailako Arretako Zerbitzuak oso apustu garbia egin zuen ekimen hau martxan jartzeko, eta tailerrak eman dituzten lehenengo arloek (Poliziak zein Gazteria Zerbitzuak) oso balorazio ona egin dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude